Euskadiko XXXIII. Gipuzkoar Aurresku Txapelketa eta Euskadiko VII. Soinu Zahar lehiaketa jokatuko dira etzi (hilak 30, larunbata)Pasai Donibaneko kiroldegian. 19:00etan hasiko dira Alkarkidek, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak eta Pasaiako Udalak antolatutako lehiaketak.
Aurten bost aurreskularik dantzatuko dute. Seik eman dute izena baina Xanti Leonet oiartzuarra mina hartuta dago eta ezin izango du parte hartu. Iazko irabazle Iker Larunbe atarrabiarrak dantzatuko du, eta harekin batera, Ekain Susperregi oiartzuarrak, Iker Sanz eta Beñat Asensio lezoarrek eta Aitor Asenjo elgoibartarrak.
Soinu Zahar lehiaketan, berriz, hamar emakumek eman dute izena. Horie
Aurresku eta Soinu Zahar txapelketaren aurkezpena
n artean da iazko irabazlea, Nagore Indakoetxea errenteriarra. Indakoetxeak aurten irabaziko balu, hirugarren garaipena izango luke jarraian, eta jokoan den Tomas Muruaren garaikurra Errenteriako Udalera eramango luke.
Mutilek, Ormatxulo, Desafioa, Kontrapasa eta Zortzikoa dantzatuko dituzte eta neskek Ormatxulo, Upelategi, eta Erribera dantzatuko dute, aurten lehenbizikoz. Horixe aurtengo berritasuna.
Gaur eguerdian aurkeztu dituzte lehiaketak, Donostiako Koldo Mitxelenan. Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko presidente Xabier Mendizalek, Alkarkideko Nekane Maritxalarrek eta Pasaiako Udaleko kultura zinegotzi Juanra Canok azaldu dituzte aurtengo lehiaketaren ingurukoak. Maritxalarrek jakinarazi duenez, aurten ez dute txapelketarako babeslerik lortu eta sarietan ere murrizketak egin behar izan dituzte.