Atzoko udalbatzarraren irudia da honakoa
Gai zerrendari begira, udalbatzar lasaia zirudien atzokoak. Ez zen hala izan. Pasaiako Udalaren eta Portu Agintaritzaren arteko harremanak normalizatzeko agiri baten harira ika-mika sortu zen. Agiri hori aho batez izenpetu zuten udalean ordezkaritza duten alderdi guztietako ordezkariek, bozeramaileen batzordean, eta “harreman esparru berria” ezartzeko tresnatzat erabili nahi dute, “ezberdintasunak gainditzeko oinarriak finkatzearren”, hainbat printzipiotan oinarrituta. Beheko PDF dokumentuan dago agiri hori osotasunean, eta finean, bi erakundeen arteko harremana normalizatzeko markoa ezartzea eskatzen du, elkarlanean herriari eta portuari dagozkion hainbat gai konpontzeko. Baina ostiralean adostasun osoa zena, atzoko udalbatzarrean ez zen hala izan.
Udalaren agiria
Hasteko, Amaia Agirregabiria alkateak jakinarazi zuen udalbatzarrak onar zezan eraman zuela atzoko bilkurara agiri hori. Baina ostiraletik atzora portutik hainbat informazio jaso ditu udal gobernu taldeak, “eskuz esku pasatakoak” alkatearen arabera, hau da, udal erregistroan ez daudenak, eta horren arabera alkatearen asmoa zen horiek aztertu bitartean agiriaren onarpena atzeratzea, abenduko plenora. Oposizioko alderdiek, PSEk batik bat, alkatearen “akats” bezala izendatu zuten portuak emandako proposamen horiek beste alderdiei ez jakinaraztea —alkateak hori onartu zuen—, baina hala ere udal taldeek, EAJk izan ezik, ostiralean adostutako testua bozkatzea eskatu, eta azkenean hala egin zuten. Aurretik EH Bilduko, PSE-EEko, nahiz Pasaiako Ezkerrako eledunek esan zuten Pasaiako zinegotzien eginbeharra dela udalerria “nonahi eta edonoren aurrean” defendatzea, eta Izaskun Gomez PSEko kidearen arabera, hori egiten ez duena ez dela “zinegotzi karguan egoteko moduko pertsona”. Aldi berean, alkateak azken egunetan portutik jaso dituzten agirien nondik norako orokorra jakinarazi zuen, “eta betikoa da, portuak planifikatu, eta guk ordaindu. Inposatu nahi du portuak, eta gu gastu guztien kargu egin”.
Hortaz, azkenean, agiria bozkatu, eta onartu egin zuten, EH Bilduren, PSEren, Pasaiako Ezkerraren eta PPren aldeko botoekin (14). EAJk abstentzioaren bidea hartu zuen, jeltzaleen bozeramaile Nahikari Oterminen arabera portuak emandako agiri horiek aztertu nahi dituztelako, aurretik udal talde guztiek adostutako oinarrien alde egin baino lehen. Une horretan, inoren izenik esan gabe kritika izan zirenak, EAJko kideengana zuzendu ziren; atzo Pasaiako alderdien agiria ez onartzera zerk bultzatu zituen galdetu zieten EAJko kideei, “toki batean gauza bat esan, eta bestean beste bat” esaten dutela leporatu zien alkateak, eta jeltzaleen “bipolarismoaz” hitz egin zuen, alkatearen ustez, udalean eta Portu Agintaritzan ordezkari delako Otermin. EAJren eledunak berretsi zuen azken egunetan jasotako proposamenak aztertu nahi zituztela Pasaiako Udalaren agiria bozkatu aurretik.
Erretiratuen mozioa, aurrera
Atzoko udalbatzarreko gaien zerrendan Pasaiako lau erretiratuen elkarteek bultzatutako mozioa zegoen. Pentsioen murrizketen kontra egiteko, ordainketa partekatuaren kontra azaltzeko eta osasun publikoaren aldeko jarrera agertzeko –Onkologikoa ez pribatizatzeko eskatuz— eskatzen zuten erretiratuek eurek landutako testuan. Erretiratuen eskariz puntuka bozkatu zituzten proposamen horiek, eta denak aurrera atera ziren, EH Bilduren eta PSE nahiz Pasaiako Ezkerraren aldeko botoekin kasu guztietan, eta lehen bi puntuetan –pentsioen murrizketena eta berrordainketarena— EAJren babesarekin. PPk bozketa guztietan kontrako edo abstentzio jarrera hartu zuen.