Udala herriko baserritarrekin bilduko da
Baserrietako hondakin berezien bilketa zehazteko egingo dute bilera. Hondakin horiek belar-bolak biltzeko silo plastikoa eta ontzi fitosanitarioak lirateke. Bilera abenduaren 2an (astelehena) izango da, udaletxeko areto nagusian, 16:00etan.
Belar-bolen plastikoaren bilketa diseinatu nahi du Oiartzungo udalak eta hori egin ahal izateko baserritarren beharrak ezagutu nahi ditu. Udan belarra moztu eta gero, neguan desegiten dira belar-bolak, abereei jaten emateko. Hortaz, negu partean sortzen da hondakina.
Datorren asteko bileraren bidez, udalak baserritarrek silo plastikoaren bilketaren beharra noiz izaten duten eta zein litzatekeen biltzeko toki egokia definitu nahi du. Bestetik, Oiartzungo baserrietan hondakin fitosanitarioak (lurrarentzako erabiltzen diren botika berezien ontziak) sortzen diren jakin nahi du udalak, bilketa puntu baten premia aztertzeko. Gaur-gaurkoz, Irungo kooperatibara eraman behar dira hondakin arriskutsu horiek, egoki kudeatzeko.