
Oarso Bidasoko LAB, Sortu eta Ernai.Oarso Bidasoko LAB, Sortu eta Ernai.
“Euskal Herritik kanpo hartzen ari diren erabakiek eta Euskal Herrian erabakiak hartzeko gaitasuna ez izateak hondamendira garamatza”. Ondorio horretara iritsi dira Oarso Bidasoko LAB, Sortu eta Ernai. Arrazoi horrekin, ostegunean, hilak 28, manifestaziora deitu dute Errenteria-Oreretako Herriko Plazatik abiatuta. Era berean, larunbatean, 17:30ean, Donostiako Bulebarretik aterako den manifestazioan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.
Egoera sozioekonomikoa “larria” dela esan dute, eta horren adierazleak jakinarazi dituzte. Langabeziari dagokionez, urriko datuen arabera, 12.008 langabe zeuden eskualdean, eta datu “historikoa” izan dela jakinarazi dute. Konparaketa bat egitera, 2007ko urrian 5.891 langabe zeuden. Horien ia erdiak ez duela prestaziori kobratzen gaineratu dute.
Garrantzitsutzat jo dute era berean, kontuan izatea “zenbaki hotz horien atzean ehunka familien drama” dagoela.
Lana edukitzeak, ordea, ez duela pobrezia saihesten ohartarazi dute: “Orain arte lana zen pobreziatik ihes egiteko baliatzen zena. Hori bukatu da”. Hala, lanean ari diren hamar lagunetik bi pobreak direla jakinarazi dute.
Orain arte lana zen pobreziatik ihes egiteko baliatzen zena. Hori bukatu da”
Horretarako hiru arrazoi nagusi daudela esan dute. Batetik, lan erreforma, “enplegua prekarizatu eta deuseztatu” duela iritzita. Beste arrazoi bezala negoziazio kolektiboa deuseztatzeko ahalegina aipatu dute, eta horren erantzule Adegi egin dute: “CEOEren erreformak eusko labelarekin aplikatzea bultzatzen du”. Diskriminazioa ere salatu dute: “Emakumeek gizonek baino %24-28 gutxiago kobratzen dute”.
Tajoko langileekiko elkartasuna
Testuinguru horretan Fagorren egoera gogora ekarri dute, eta oraindik “kalkulaezinak” direla esan dute utz ditzakeen ondorioak. Fagorren egoerak Tajo eskualdeko enpresa hartzekodunen konkurtsora eramatea ekarri duela ere aipatu dute, eta elkartasuna adierazi diete bertako langileei.
Bestalde, gazteen artean hezkuntza eta lan mundua “utopia” bihurtu direla azaldu dute, eta horren adibide direla 22.000 gazte kanpora irtetea etorkizun hobearen bila: “Ezin diegu ihes egiten utzi. Gazteek ere iraultza egin behar dute langileen borrokaren bitartez”.
Pentsiodunen egoera ez dela hobea gogorarazi dute, eta eurek ere murrizketak jasan behar izan dituztela gogorarazi dute.
“Ezin dugu Espainiatik hartzen diren erabakien menpe egon”
Zentzu horretan, “urrats praktikoak emateko garaia” dela esan dute: “Alternatibak borondate politiko fermuaz baino ez dira eraikitzen”. Hala, “Euskal Herrian burujabetza sozial eta nazionalaren alde borrokatzeko geroz eta gehiago” direla adierazi dute, eta “Espainiak hartzen dituen erabakien menpe” ezin dela egon: “Euskal Herrian erabaki, bizi eta lan eredu duinak garatzeko baldintzak sortu behar ditugu”.