Gazte lokalei buruzko ordenantza, aurrera
Gazte lokalen ordenantza izan zen atzo egindako azaroko udalbatzarrean zinegotziek eztabaidatzeko zeukaten puntu nagusia. Aho batez atera zen aurrera, behin-behineko onespena, eta orain, 30 eguneko epea irekiko da alegazioak jartzeko.
Alderdi guztiak agertu ziren pozik ordenantzarekin. Errenteriako Ezkerrako Jose Manuel Ferradasek kontsentsua izan zuen hizpide, eta horrek bizikidetzarako balio izatea markatu zuen. PPko Jose Manuel Herzogek lokala aurretik zutenen eskubideak ere kontuan hartzea eskertu zuen. EAJ aldeko agertu zen arren, lokalen funtsezko arazoa ez duela konpontzen adierazi zuen Maite Peña bozeramaileak. Batetik, bizikidetza arazoa ez duela konpontzen iritzi dio, eta bestetik, gazteen politiketan ez dela asmatu. PSE-EEk ordenantza adostasunez aurrera atera izana eskertu zuen.
Bilduko Luisma Diezek prozesua nola izan den azaldu zuen. Hirigintza zinegotziaren arabera, duela bi urte auzoetan hasitako bileretan agertu zen lokalen gaineko kezka, batez ere bizikidetza arazoengatik. Udaltzainek era berean, salaketak jasotzen zituzten, baina ez zekiten nola erantzun hutsune legala zegoelako. Aztiker enpresarekin batera eraman zuten prozedura. Lau bilera egin zituzten. Lehena lokaletako gazteekin. Ez ziren, ordea, gazte asko hurbildu, eta horrenbestez, herrian kontabilizatuta zeuden lokaletara jo zuten (29, guztira) galdetegi batekin, batez ere lokalen beharrezkotasuna, funtzioa… jakin eta datuak biltzeko (egoera, segurtasuna, zenbat erabiltzaile zeuden…). Hirugarren bileran gazteek, lokalen jabeek, gurasoek, auzo elkarteek… parte hartu zutela azaldu zuen, eta lokalei eskatzen zietena bildu zutela (komuna, sistema elektrikoa… behar zuten). Hirugarren bileran, berriz, elkarbizitzarako gutxienekoak jaso zituzten: ordutegia, erabilera, sonorizazioa, aforoa…
Ondoren, zirriborroa egin zuten eta horri ekarpenak batu zizkietela azaldu zuen Diezek, baita oposizioarenak ere. Adostasuna lortzeaz poztu zen, eta prozesu horretan parte hartu duten guztiei eskerrak eman zizkien.
Gainontzeko puntuak tramitekoak izan ziren.