Euskalgintzak babesa eman dio Idoia Arbelaitzi
Madrilen egiten ari diren Batasunaren kontrako auziaren barruan, herritar bat, Idoia Arbelaitz ari dira epaitzen, beste hainbat euskal herritarrekin batera. Horiei, eta bereziki Arbelaitzi elkartasuna adierazi asmoz, larunbatean, hilak 30, Libre Eguna egingo dute Errenteria-Oreretan. Herriko euskalgintzak eta bestelako euskaltzaleek ere bat egin dute, eta egingo diren ekitaldietan parte hartzera animatu dituzte bizilagun guztiak.
Eragileek gogorarazi dutenez, Arbelaitz euskalgintzaren erreferente da. “Urte luzez AEKn ehunka eta ehunka ikasle euskaldundu ditu, eta euskalgintza zein herrigintzan Oreretako hainbat ekimenetan buru belarri aritzen da”. Hemendik aurrera ere horrela jarraitzea espero dutela esan dute.
9 urteko jazarpen judiziala
Izan ere, Madrilen epaitzen ari dira, 2002ko apirilean Espainiako Auzitegiko Baltasar Garzonek Batasunaren aurka jarri zuen auzia dela eta. “Dena ETA zelakoan, hainbat atxiloketa egin zituzten, horien artea Arbelaitz”, gogorarazi dute. “Urte hartako apirilaren 29an Polizia Nazionala atxilotu zuen, eta hiru egun komisaldegian pasatu ostean, bi urte igaro zituen Soto del Real eta Avilako espetxeetan. 2004an baldintzapeko askatasuna eman ondoren, 9 urtez jazarpen judiziala jasan behar izan du” ekarri dute gogora eragileek.
Arbelaitzi 8 urteko espetxe zigorra ezar diezaioketela ohartarazi dute eragileek, “gaur egun oinarri politikorik ez duen epaiketa honetan”.
[box]
Egitaraua
- 12:00: Haur txokoa, Xenpelarren.
- 13:00: Giza katea, Herriko Plazatik.
- 13:30: Mosaikoa, Zumardian.
- 14:30: Bazkaria, Merkatuzarren. Txartelak salgai daude 15 euroan (egunean bertan ere egongo dira) euskaltegietan eta Landare eta Sindi tabernetan).
- 19:00: Triki bertso poteoa.
[/box]