
Udaleko eta aldundiko ordezkariak protokoloaren berri ematen
Haurren babeserako neurriak ezartzeko protokoloa sinatu dute gaur Irungo Udalak era Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren helburua da babesik edo atentziorik gabe dauden hiriko haurren zaintza, baina aldez aurretik horren jabe izan behar dela jakinarazi dute ordezkari politikoek. Hortaz, protokolo horren barruan daude adingabeen babeserako hainbat neurri ezarriko dituzte, eta hezkuntza zentroen, familien eta udaleko nahiz aldundiko edo Jaurlaritzako baliabideen arteko koordinazioa eskatuko dute horiek, bai prebentzioan, bai babes falta dagoen kasuen azterketa nahiz zaintzan.
Erakundeetako ordezkariek nabarmendu dute haurren eta nerabeen eskubideak babesteko bidean horien esku hartzea beharrezkoa dela, “gure zereginen barruan, betiere” Maite Cruzado Irungo Udaleko Ongizate zinegotziaren esanetan, eta gaur sinatu duten protokoloa horretarako tresna dela esan du. Euken Barreña aldundiko Haurren Babeserako eta Gizarteratze zuzendariaren esanetan, Irunek Gipuzkoa osorako diseinatutako protokoloa hiriaren errealitatera egokitu du, eta gainera, Ipar Euskal Herrian –Hendaian kasu— bizi diren Irungo haurren eta familien gaineko lanketa egin du Pirinio Atlantikoetako departamenduko baliabideekin elkarlanean.
Fernando San Martin Hezkuntza ordezkariak, bere aldetik, esan du Irungo ikastetxeetan haurren babeserako formazio saioak egin dituztela urtean zehar, eta horietan protokoloaren berri eman dutela, “hezkuntza zentroak ezinbestekoak direlako haurrek nerabezaroko bidean izan ditzaketen prozesuen kudeaketan”.