Euskal presoen aldeko banderak kentzen aritu dira Gaztañon
Oreretako Sortuk jakinarazi duenez, igande goizaldean euskal presoen aldeko banderak kendu zituzten hiru kaputxadunek Gaztaño auzoan. “Preso politiko baten senideen eta preso politiko ohi baten balkoira igo ziren, eta auzoan zehar banderola eta euskal presoen egoera salatzen duten hainbat euskarri kendu zituzten”, gaineratu du.
Oreretako Sortuk gertaera horiek salatu du: “Ezin dira era isolatu batean kokatu, estrategia orokor batean baizik; hala nola, azken hilabete hauetan presoen eskubideen aldeko lana kriminalizatzeaz gain, presoen eta euren ingurukoek jasandako jazarpen larriaren beste adibide bat besterik ez dira”.
Sortuk gogorarazi du “herrian, eta bereziki Gaztañon” Aitzol Gogorza eta beste euskal preso eta iheslari politikoek pairatzen duten egoera salatzeko dinamikak egiten ari direla azken urteetan.
Gaineratu duenez, horrelako jarrerak ez dira ezezagunak, eta “beldurra eta egonezina bilatu nahi duten arren, argi” dutela esan dute, “presoen eta euren senideen eskubideen alde lanean” jarraituko dutela.
Gaztañoko bizilagunei “elkartasuna” adierazi die Sortuk, eta beste herritarrak ere balkoian, leihoan eta beste lekuetan bandera horiek jartzera animatu ditu: “Hori da Gaztañoko auzokide eta senideei gure elkartasuna adierazteko modurik egokiena”.