'The mass of men' lanak irabazi du Ikuskako sari nagusia
Britainia Handiko lan bat saritu du aurten Ikuskak. Gabriel Gauchetek zuzenduta, The mass of men filmak 55 urteko langabe baten istorioa kontatzen du. Lanak sari ugari jaso ditu orain baino lehen. Donostiako zinemaldian ere ikusi ahal izan da aurten. Trintxerpen film labur onenari ematen dioten 1200 euroko saria eskuratu du.
Epaimahaiak lehengo larunbatean eman zuen jakitera erabakia, Luisma Laboak gidatutako sari banaketan. The mass of men lana ez ezik, beste hainbat lan saritu dituzte. Richard Valkek irabazi du zuzendari onenaren saria, Cortinas Rojas lanarengatik, eta Alfonso Larak eta Maria Ortegak jaso zuten aktore onenen saria, lehenak El hombre equivocado filman egindako lanarengatik, eta bigarrenak, Cuando todo pase lanarengatik. Epaimahaiaren sari berezia Mensaje en post-itivo lanarentzat izan zen, eta euskarazko lan onena Elkartea lanari eman diote. Euskal film labur onena eta ikuslegaoren saria Hoy quiero confesar lanak irabazi ditu.