
Llorente, jokalariei aginduak emanez
Ohorezko Mailako Hondarribia futbol taldeak jardunaldiko ezustekoa eman du, galdu gabe zegoen Tolosari bere etxean 2-4 irabazita. Mikel Llorenterenek partida bikaina egin zuten Tolosan. Entrenatzaileak taldean “konfiantza osoa” duela esan du eta astean zehar entrenatutakoa “taldeak bikain egin” zuela gehitu du.
Graipenaren ondoren, bosgarren jarri dira berdeak, 19 punturekin laugarrenarekin berdinduta. Tolosa liderra orain hiru puntura dute, bigarren postua 2ra, eta jaitsiera postuak urruti geratzen zaizkie, hamar puntura.
Aurrez ikusita ez zen partida erraza. Tolosa liderra galdu gabe zegoen eta bere etxean jokatzen zenuten. Nola irten zineten zelaira?
Gure helburua beti bera da, 3 puntuen bila ateratzen gara beti, berdin zaigu zein den aurkaria eta non jokatzen dugun. Irabazteko prestatzen ditugu partida guztiak.
Hortaz, irabazi zenezaketela uste zenuen?
Dudarik gabe, nire jokalariengan konfiantza daukat. Kontrakoa pentsatuko banu, nire taldeak edozeini irabazteko gai dela pentsatuko ez banu, soberan egongo nintzateke taldean.
Non egon zen garaipenaren gakoa?
Tolosak oso jokalari azkarrak eta trebeak ditu, batez ere zelai erditik aurrera. Defentsako lana bikain egitea zen gure helburua, horrek irabazteko aukerak emango zizkigulako. Talde osoa zoragarri egon zen defentsan, gure lerroen artean lekurik utzi gabe, bere jokalari azkarrenak eroso ez egoteko. Baloia berreskuratzen genuenean kontraerasoan ateratzen saiatzen ginen. Hori zen astean zehar prestaturikoa eta jokalariek bikain egin zuten.
Aurreko elkarrizketa batean esan zenidan taldea berria zela, beheko mailetako jokalari askorekin osatutakoa, eta jokalari berriek denbora beharko zutela maila berrira moldatzeko. Lortu al duzue hori?
Poliki-poliki ari gara. Denboraldi hasieran zurrumurru asko entzun ziren taldeari buruz eta orain ari gara erakusten lanarekin eta umiltasun handiarekin gauzak lor daitezkeela. Atzoko garaipena oso ona da jokalarientzat, 3 puntuak lortzeaz aparte, uste dut sinisten hasi direla beraien gaitasunean eta hori garrantzitsua da
Liderrari bere etxean irabazteak aldatzen al ditu denboraldiko helburuak?
Ez. Gure helburua betikoa da egunero-egunero ondo entrenatzea asteburutan gure neurria emateko. Mailari dagokionez, Ohorezko Mailari eustea da gure helburua. Umilak izaten bagara, talde honek gauza onak egin ditzake, baina burua nahasten bazaigu eta zer garen ahazten badugu, arazoetan sartuko gara.
Hondarribiarren golak:
- 0-1 Xabier Oliveri, defentsaren huts bat baliatuz.
- 1-2: Tolosak bere atean, Odei Gonzalezen erdiraketa baten ondoren.
- 1-3: Xabier Oliveri, Imanol Kanpandegiren pase bat aprobetxatuz.
- 1-4: Iker Sarriegi, areaz kanpotik egindako jaurtiketa bikain batez.