Errenteriako Udalak SOS Arrazakeriarekin elkarlanean, hitzaldi ziklo bat antolatu du Errenteria-Oreretara etorri diren etorkinek herria ezagutu eta bertan dituzten aukeren eta bestelakoen berri izan dezaten. Hitzaldiak asteazkenean hilak 27, ostegunean eta abenduaren 12an izango dira.
Jose Manuel Ferradasek etorkinen datuen berri eman ditu. Hala, 2012ko azarotik 2013ko azarora bitartean, 1.052 etorkin erroldatu dira Errenteria-Oreretan. Horietatik, 581, munduko 51 herrialdetatik etorritakoak dira; 400 lagun Gipuzkoako beste herrietatik etorritakoak; eta gainontzekoak Espainiako Estatutik. Hitzaldi horiekin helburua bizilagun berriek herria ezagutzea eta “ongizate pertsonal eta kolektiboari bultzada ematea” dela esan du zinegotziak.
Mikel Mazkiaran SOS Arrazakeriako ordezkariaren arabera, etorkinen diagnostikoa egin, eta hortik abiatutako ekimena izan da, Harrera dinamikarekin bat egiten duena. Batez ere, erroldatu berri diren herritarrei zuzenduta dagoela jakinarazi du, ulertzen baitute Errenteria-Orereta izango dela euren bizileku berria. Edonola ere, edozeinek parte hartu izango du, “irekia” dela esan dute. Era berean, horiek gai ezberdinetan dituzten zalantzak argitzea dutela helburu.
Hitzaldien lehen egunean ekimenaren aurkezpena egingo dute Julen Mendoza alkateak eta Garazi Lopez Etxezarreta Berdintasun zinegotziak, eta era berean, herriaren historia deskribatuko duen beste lagun bat izango dute alboan. Hurrengo egunean, berriz, batez ere Espainiako Estatutik kanpo etorkinek maila legalean izan ditzaketen zalantzak argituko dituzte: Etorkinen Legea, tituluen homologazioa, osasungintza… Azkenik, abenduaren 12an, hainbat gai landuko dituzte: diskriminazioa, baliabide sozialak, herriko parte hartze espazioak…
Hitzaldien egutegia
- Azaroak 27, asteazkena: 19:00etan, udaletxeko pleno aretoan.
- Azaroak 28, osteguna: 19:00etan, Xenpelar Etxean.
- Abenduak 12: 19:00etan, Xenpelar Etxean.