Hamarnaka lagun bildu dira plazan eraso sexistak salatzeko
Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren haritik, elkarretaratzea egin dute hamarnaka lagunek Doneztebe plazan Oiartzungo emakume feministen asanbladak deituta. Kandela bana hartuta egin dute
Isiltasunean, Oiartzun oihuka: eraso sexistarik ez! lelopean elkarretaratzea. Txalaparta eta adar doinuen ondoren, Uxue Alberdik idatzitako bertsoak abestu dituzte
Habaneraren doinupean.
Azaroak 25
eskailera ditu igo
“eraso gehiagori ez”
entzuten dugu berriro
egunkarietan zifrak
zenbat gorpu zenbat tiro
inon agertzen ez diren
zenbat kate posesibo
baina ez zenbaki
edo biktima pasibo
badugu antolatzeko
adina sen ta motibo
izan dezagun eraso
bat jasaten aldiro
erantzun pertsonal bat da
mila erantzun kolektibo.
Guk erabaki dezagun
zer den eraso zer txantxa
norekin ta zer ordutan
joan nahi dugun etxerantza
non hasten den abusua
non amaitzen konfiantza
zer den menpekotasuna
eta zer adiskidantza
feminismoak indarrak
metatzera garamatza
sare zula ezina da
konplizeen aliantza
ongi etorria zara
zatoz izan segurantza
iraultza honen musikan
egingo dugula dantza!