Behobidek ezin izan du Donostiako maratoia bukatu, hotzak jota
Donibane Lohizune-Hondarribia eta Behobia-Donostia irabazi ditu aurten lehen aldiz, baina Claudia Behobide hondarribiarraren urteko helburua Donostiako Maratoia zen. Bere marka (2:47) bi minututan hobetu nahi zuen eta jo eta su aritu da horretarako entrenatzen. Baina eguna iritsita gauzak ez zaizkio atera berak nahi bezala. Lasterketa txukun hasi zuen eta “maratoi erdia oso ondo” egin zuela onartu du bere entrenatzaileak. “Baina busti zen eta hoztu, eta ezin izan zuen jarraitu, erretiratu behar izan zen”, gehitu du.
29. kilometroan utzi zuen lasterketa Behobidek, hotza gorputz barruan sartuta ezin jarraituta. Ordura arte laugarren zihoan, hirugarrenetik minutu batera, eta denboraz ondo. Espainiako Txapelketa zen, goi mailako partaidetza, eta aurretik HITZAri kontatu zionez, bere marka hobetu nahi zuen bakarrik, “postuari begiratu gabe”.
Baina 25. kilometro inguruan gaizki sentitzen hasi zen eta ezin izan zuen lasterketa amaitu: “Pena da, baina hotzarekin ez naiz ondo ibiltzen. Anoetatik pasatu nintzenean ondo nindoan oraindik, laugarrena eta denbora nire helburuaren barruan, baina gero gaizki sentitu nintzen, hotz handia, eskuetan, hanketan. Atzera geratzen hasi nintzen eta ez nekien jarraitu ala ez. Saiatu nintzen baina La Perla inguruan utzi behar izan nuen lasterketa”.
Proba utzi eta gero lur jota zegoen hondarribiarra: “Pena handia izan da. Urteko helburua zen, urte osoa entrenatzen honetarako”. Onartu du gaizki pasatu duela baina “buelta eman behar nion” eta goizean egunero bezala korrika egitera atera da. “Asko gustatzen zait korrika egitea eta gaur goizean etxera bueltatu naizenean askoz hobeto nengoen”, aitortu du.
Donostiako Maratoiaren eguna zen Claudia Behobidek egutegian markaturiko eguna. Urteko helburu nagusia hori zuen, eta denboraldiko azken lasterketa ere bazen. Baina, amaitu ezin izan duenez, denboraldia luzatzeko aukera aztertzen ari da, horretarako beste maratoiren batean izena emanez. “Sevillakoaz ondo hitz egin didate, niretzat ibilbide ona dela esan didate eta han ez du hemengo hotzik egiten”. Hala, entrenatzen jarraituko du Behobidek eta 2014ko otsailan Sevillan egingo den maratoian parte hartzen saiatuko da, “baina nola geratzen naizen axola gabe, disfrutatzeko”.