Txarterina, komikilari berrien lana aztertzen
Txiste Grafikoen Lehiaketako sari banaketa egin dute eguerdian udaletxeko areto nagusian. 65 lan aurkeztu dira guztira aurten, gehienak D mailan, 12 urtetik beherakoetan. Maila bakoitzeko bi sari banatu ditu Euskara departamentuak eta, ekitaldia amaitzeko, Aitor Txarterina komikilariak performance-a egin du.
Denbora laburrean komiki bat sortzen erakutsi die Txarterinak bildutakoei eta, ondoren, berarekin munstroak marraztera ausartu dira haurrak.
Txiste Grafikoen Lehiaketa Neguko Jardunaldien programa barruan kokatzen da. Hizkuntzaren erabilera alor guztietara zabaltzea bilatzen du Hondarribiko Udaleko Euskara departamentuak Neguko Jardunaldiekin eta, txiste grafikoen kasuan, umorea euskaraz egin dadin saiakera egiten du. Gaur ikusitakoarekin argi dago egin daitekeela, euren hizkuntzan oso une polita bizi izan baitute txiste grafikoen sarituek eta haiek laguntzera joan direnek.