“Errenteria eraldatuko duten proiektuak” aurkeztu dituzte gaur goizean Merkatuzarren Errenteria ADN Kreaktiboa izenburupean. 2025 Plan Estrategikoaren prozesu parte hartzailean zehaztutako ildo estrategikoen aurkezpen ekitaldia izanda udalaren hitzetan gaurkoa eta horrekin bat egin dute hamarnaka elkarte, eragile eta norbanakok.
Gaurko ekitaldiarekin 268 eragile eta norbanako bildu dituen hausnarketa prozesuari amaiera eman diotela eta benetako prozesu eraldatzaileari hasiera eman esan du Julen Mendoza alkateak. Harro azaldu da parte hartze prozesuak izan duen “aniztasuna eta kalitateagatik” Mendoza eta herritarrak Errenteriaren eraldaketa prozesuan murgiltzera deitu ditu: “Hemen aurkezten ditugun proiektuak ez direlako udal proiektuak, herri proiektuak baizik eta arrakasta izango badute herritarrok gure egiten baditugu, eraldaketan sinisten badugu, ilusioa transmititzen badugu izango da”.
Eraldaketaren zergatiak
Errenteriaren diagnostikoa “benetan kezkarria” dela gaineratu du Mendozak eta horren gaineko datuak eman ditu ondoren. 1975. urtean Erenteriak 46.000 biztanletik gora zituela eta gaur egun 39.000 biztanle dituela esan du eta gaineratu du herri industrializatua izatetik zrbitzuen hiria izatera igaro dela. Langabezi tasa ere aipatu du alkateak, “%18,16koa da Gipuzkoan %14,73koaa den bitartean”. Udalerriak “egoera sozial dramatikoa” bizi duela nabarmendu du azkenik eta egoera horretatik soilik erabaki estruktural eta estrategikoak hartuz atera daitekeela ondorioztatu du eta horregatik beharrezkoa dela eraldaketa.
Eraldaketa horren ardatzak ere aipatu ditu: “Babes soziala da lehen ardatza, gainbeherari alternatibak aurkitzea ekonomia kreatiboaren bidez bigarrena, eta hiria erakargarri egitea hirugarrena eta azkena”.
Plan estrategikoak duen gaitasunean erabat sinisten duela esan du Mendozak eta proiektu politikoa ez dela argitu du, “hiri proiektua da, herritarrena”. Proposamenak jasotzeko prest daudela ere esan du, “hau ez delako totem bat. Erronka nagusiena orain, proiektu hau herritarrek sinistea da”.