Adinekoei lapurretak ekiditeko neurriak proposatu ditu Pasaiako Udaltzaingoak
Pasaiako Udaltzaingoaren arabera, azkenaldian Pasaiako adinekoei lapurretak egiten ari zaizkie, eta horiek ekiditeko lanean ari direla jakinarazi dute. Baina herritarrei ere laguntza eskatu diete horiekin bukatzeko, eta hainbat segurtasun lan har daitezela eskatu du. Hala, Udaltzaingoak neurriak hartu ditu adinekoek pentsioak kobratzen dituzten egunetan ahal den heinean zaintza lanak egiteko, eta horren emaitza bezala lapurretagatik hainbat pertsona auzipetu dituztela jakinarazi du. Baina euren lana nahikoa ez dela argudiatuta, herritarren laguntza eskatu dute.
Proposatutako neurrien artean daude aldi bakoitzean adinekoek ez dezatela banketxetik diru kopuru handirik atera, eta baliozko bitxiak ezkutuan eraman ditzatela. Gainera, susmo txarrak izanez gero, Pasaiako Udaltzaingoari (943 00 43 00) nahiz Ertzaintzari (112) deitzeko eskatu dute.
Pasaiako Udaltzaingoaren arabera, lapurretak egite ari direnak “Europa ekialdeko jatorria duten emakumeak” dira. Pentsioa kobratzera joaten ziren adinekoak kontrolatzen hasi ziren, eta horiek etxerako bidean edo etxe atarian zirela deskuiduren bat baliatu, eta diru zorroa lapurtzeko. Sinadurak biltzen ere ibili izan dira ustezko lapur horiek gizarte intereseko gaiei sostengua emateko, eta balizko sinatzaileek —adinekoak gehienak— nortasun agiria-edo zorrotik ateratzen zutenean lapurreta egiteko unea iristen zen. “Azkenaldian adinekoak ezagutzen dituzten itxura egiten ari dira, besarkada eman, eta bitxiak lapurtzeko”, esan dute udaltzainek. Aldi berean, ustezko lapurrak egitura profesionalen kide direla esan du Udaltzaingoak, eta jendeak ezagutu ez ditzan alde batetik bestera mugitzen direla, herriz herri.