
Pozik dago Pasaiako Udal Gobernu Taldea. Pasai Antxon hondakinak atez ate biltzeari ekin aurretik parte hartze prozesua burutzen ari dira bertan. Aste honetan egin dituzte prozesu horren barruko lehen saioak eta Amaia Agirregabiria alkateak lehen errondaren “oso balorazio positiboa” egin berri du. Alkateak esan duenez, 400 antxotar inguruk parte hartu dute saioetan, “aldekoak zein kontrakoak”. Guztien iritziak eta ekarpenak jaso eta guztiak aztertuko dituztela agindu du alkateak. Sistema berriaren inguruko informazioa zabaltzea izan da aipatu saioen helburua, eta xedea betetzat eman dute. “Sistemaren gainekoak transmititzen jakin dugula uste dut”, esan du alkateak. Izan ere, alkatearen aburuz, “askotan informazio eza da kontrako jarreren iturburua”, eta zentzu horretan informazioa ematen asmatzeari oso garrantzitsua deritzo.
Bigarren erronda
Abendu hasieran ekingo dio gobernu taldeak parte hartze prozesuaren bigarren errondari. Alkateak ohartarazi duenez, bigarren fase honetan “lanari” ekingo diote. “Saio dinamikoak” izango direla esan du, eta herritarrak lantaldeetan antolatuko dituztela. Aurreratu duenez, gobernu taldeak “planteamendu teknikoa” eramango du aipatu lan saioetara, eta herritarrek horren gainean lan egingo dute, atez atekoa sistema “malgua” izanik, orduan aztertuko dituztelako “aspektu teknikoak”.
Aldaketa zergatik?
“Zaborraren arazoari irtenbidea emateko helburuz” ekin dio gobernu taldeak hondakinak biltzeko sistema aldatzeari. Lehen esperientzia Pasai Donibanekoa izan da, eta emaitza, alkatearen iritziz “begi bistakoa” da. “Datuetatik harago, kaleak begiratzea baino ez dago. Kaleak garbiago daude” esan du. “Hasierako ohituren aldatzeari erresistentzia gaindituta”, Donibanen “beldurrak eta kezkak uxatu” dituztela uste du alkateak. Horregatik Donibanen “arrakastatsua” suertatu den sistema beste barrutietara zabaltzea da orain apustua, “birziklatze kopurua plenoak gehiengoz adostu bezala %70era iritsi arte”.
Parte hartze prozesuaren bigarren fasean, ondoko saioak egingo dituzte, jarraian zehazten diren toki eta orduetan:
- Abenduak 4, asteazkena, euskaraz, 19:30ean, kultur etxean.
- Abenduak 5, osteguna, 11:30ean, erretiratuen egoitzan
- Abenduak 9, gazteleraz, 19:30ean, kultur etxean.
- Abenduak 10. Merkatarientzako bi saio kultur etxean; 14:00etan eta 20:000etan.
Azkenik, abenduaren 16an, batzar orokorra egingo dute, herritarrei “jasotako guztia itzultzeko” . Batzar orokorra, 19:30ean izango da, kultur etxean.