Hondarribiko 22 eraikinetan aurkitu dituzte termitak
Hondarribiko Udaletik jakinarazi dutenez, amaitu da termitak akabatzeko planaren lehen fasea, intsektuak non kokatzen diren ezagutzeko Tecnalia enpresak egindako azterketa. Egurrezko egitura duten Portuko eta Alde Zaharreko eraikin guztiak aztertu dituzte Tecnaliakoek, horietan soilik eragiten dutelako termitek. 22 eraikinetan aurkitu dituzte.
Termitak azaldu diren lekuetan kutxatxo batzuk jarri dituzte, barruan zelulosa dutenak. Itxuraz, Iberiako penintsulan hiru termita espezie daude eta Hondarribian bizi direnak zein espezietakoak diren jakiteko zelulosarekin erakartzen dituzte. Nolanahi ere, hotzaren zale ez direnez, ez dute uste egun hauetan egiten duen hotzarekin kutxatxoetara hurbildu daitezkeenik.
Bitartean, Hondarribiko termiten mapa osatzen ari dira Tecnaliakoak, Portukoa zein Alde Zaharrekoa. Txosten horretan termitak non ageri diren eta eremu bakoitzaren egoera zein den azalduko dute. Behin intsektuak zein espezietakoak diren jakinda, “hurrengo urratsa termitak akabatzeko enpresa bat kontratatzea izango da”, esan dute udaletik.
Aitor Kerejeta alkateak emandako datuen arabera, urrian egindako azterketetan 22 eraikinetan aurkitu zituzten termitak, Alde Zaharreko hemezortzi eraikinetan eta Portuko beste lautan. Azaroaren lehen hamabostaldiko datuak erantsi behar zaizkio horri.