Titirijairen aurreko ekitaldi bateko irudia
2013ko Titirijai, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia prest du Pasaiako Udaleko Gazteria eta Kirol departamentuak. Hilaren 25etik 28ra egingo dituzte jaialdiaren barruko saioak San Pedroko Udal Aretoan: 20. ekitaldia du Titirijaik Pasaian. Egun bakoitzean emanaldi bana izango da, 11:00etatik aurrera, eta horietara Pasaiako ikastetxeetako 3., 4. eta 5. mailako ikasle guztiak joango dira, Gazteria eta Kirol departamendutik aurreratu dutenez, 400 inguru.
Nazioarteko jaialdia izaki, munduko hainbat txokotako artistak etorriko dira Pasaiara, beheko egitarauan ikus daitekeen bezala. Hala, Tolosako Ekinbide Etxearekin egindako elkarlanak emaitza bikainak eman ditu egun arte, eta aurten ere horrela izango da, “haurrek maila handiko nazioarteko ikuskizunez gozatzeko aukera” izango dutelako udaleko kideen arabera. Ondokoa da egitaraua:
- Hilak 25, astelehena: 11:00etan, San Pedroko Udal Aretoan, Argentinako La Canela konpainiak Basilisa lana emango du.
- Hilak 26, asteartea: 11:00etan, San Pedroko Udal Aretoan, Keniako Krystal Puppets konpainiak Lagrimas junto al rio lana emango du.
- Hilak 27, asteazkena: 11:00etan, San Pedroko Udal Aretoan, Madrilgo La Canica konpainiak El gallo de la veleta lana emango du.
- Hilak 28, osteguna: 11:00etan, San Pedroko Udal Aretoan, Andaluziako Buho Maravillas konpainiak La leyenda del grillo y la hormiga saioa emango du.