HONDAE Hondarribiko Ondarearen Aldeko Elkarteak Eraikitako ondare monumentalerako zaharberritze irizpideak goiburuko nazioarteko mintegia antolatu du biharko, goiz eta arratsaldez, Paradorean. Ondarearen zaharberritze lanen gaineko irizpideen gainean eztabaida piztu nahi dute, “ikasteko, egindako akatsak berriro ez egiteko”.
Hondarribiko zaharberritze lanak aztertuko dituzte haien arduradunekin eta kanpoko gai bat ere landuko dute, Suomenlinna (Finlandia) hiribilduarena. HONDAEko kide Enrike Lekuonaren ustez (Hondarribia, 1945), “Hondarribiak turismo kulturalaren potentzial handia du, baina gauza batzuk ez dira egoki egin”.
Zer da HONDAE, zeintzuk dira bere helburuak?
Hondarribiko talde bat da, baina Hondarribira mugatua ez dagoena. Taldearen helburua da Hondarribiko ondare historikoa babestea, berreskuratzea eta ezagutaraztea, gure ondareaz gozatzeko aukera izan dezagun.
Zer aurkituko du mintegira joateko izena eman duenak?
Finlandiako arkitekto ospetsu bat dator, Tuija Lind, berreskuratze lanetan asko ibili dena. Hondarribiko San Nikolas harresiko zatia berreskuratu dutenek eta Santa Maria ateaurreko urbanizazioa egin duen arkitektoak ere parte hartuko dute. Gure asmoa da mintegi honetan denok ikastea zein irizpide erabil daitezkeen Hondarribikoa bezalako ondare arkitektonikoa berreskuratzeko edo zaintzeko.
Gai eztabaidatsua da. Hori al da zuen helburua, eztabaida piztea?
Bai. Pentsatzen dugu irizpide bakarra ez dela izango, kasuan kasuko azterketak egin beharko dira, eta baita ekintzak ere, baina eztabaida ireki nahi dugu, ikusi dugulako Hondarribian azken urteetan egin izan diren lanak ez direla egokiak izan, batzuen iritziz, behintzat. Bakoitzak uste du berea ondo egin duela, eta guk nahi duguna da denen iritzia entzutea, bakoitzak esatea zer, nola eta zergatik egin duen, zein irizpide erabili dituen. Denetik ikas daiteke. Agian ezin da Hondarribian egin Finlandian egin dena, baina lan egiteko izan dituzten irizpideak, arauak eta asmoak ezagutzea baliagarria izango da.
Eztabaida horretan sartu nahi dugu, ikasteko, unea iristen denean behar bezalako aplikazioa eman ahal izateko, eta akats gehiago ez egiteko.

Ondare elementu batzuk behar bezala seinaleztatuta ez daudela uste dute
Udalarena da ondarea zaharberritzeko lanen ardura. Zer eskatzen diozue?
Iritzia jasotzea, herrian sentsibilizatuta dauden taldeei galdera egitea edo eztabaida irekitzea. Egin ondoren ezin da aldatu, aurretik egin behar da. Herri txikia gara, eta denek ezagutzen dugu elkar. Talde bat horretarako espresuki antolatuta badago, ondarearen zati baten inguruan zerbait egiteko asmoa duena, ez da ezer kostatzen kontsultatzea. Loteslea ez da izango, baina iritziak jasotzeak lagun dezake.
Suomenlinna, Gizateriaren Ondare izendatutako hiribildua da. Hondarribiak ba al du parekotasunik?
Hondarribian, batez ere Alde Zaharrean ondare arkitektoniko handia dago, baina ez hor bakarrik. Zati batzuk nahiko abandonatuta daude, beste batzuk gaizki edo bat ere seinaleztatu gabe, eta beste batzuetan konpontze lanak egin dira, baina beharbada ez guri gustatuko litzaigukeen bezala, baina hori iritzi pertsonala da.
Ondarea maitatzeko ezagutu egin behar da, eta kontatu. Hondarribiak turismo kulturalaren potentzial handia du, baina ez dago ondo seinaleztatuta. Jendea galdu egiten da, Arma Plazara joaten da, handik eliza ikusten du, gehienetan itxita dago, eta hortik alde egiten du.
Hori aldatzeko ari gara lanean. Tarteka irteerak egiten ditugu adituekin, aurretik ezagutu ere ez genituen leku batzuk ezagutzeko, edo noiz eginak diren jakiteko, zergatik, nork… Maitatzeko, ondarea ezagutu behar da.
Ba al duzue buruan hurrengo aste edo hilabeteetan egiteko bisita edo ekitaldi gehiagorik?
Bai, baimena eskatu dugu San Enrique gotorlekuan, Jaizkibel muturrean, indusketak egiteko, ea erromatarren garaiko arrastoak aurkitzen diren, baina oraindik udalaren baimena ez dugu lortu. Ondareari buruzko hitzaldi gehiago egin nahi ditugu, eta bisita gidatuekin jarraituko dugu, herriko txokoak ezagutzeko, horietaz asko dakitenekin.