Abaraxkaren instalazioak
Datorren astean zabalduko ditu Oiartzungo Abaraxka Udal Ludotekak ateak, eta abenduaren 3an jarriko dute martxan zerbitzua. Horrela, hurrengo astean egingo dutena da zerbitzua aurkeztu, eta tokia ezagutzeko ekimenak egin. Asteartean (hilaren 26an), esaterako, ludoteka zerbitzuaren aurkezpena egingo dute Abaraxkan bertan 17:00etan hasita (gurasoak haurrekin joan daitezke, azken horientzako eskaintza egongo delako). Asteazkenetik ostiralera, berriz, zerbitzua ezagutzeko eta izena emateko aukera izango dute hala nahi dutenek, 16:30etik 19:30era. Badaude berritasunak, ordea.
Berritasunetako bat izango da Familien Eremua. Astelehenetan haurrek familiako kideekin Abaraxkaren egoitzan jolasteko aukera izango dute; hala ere honen gaineko xehetasun gehiago abenduaren 2an emango dituzte, 17:00etan, Abaraxkan egingo duten aurkezpenean. Horretan parte hartzeko helduek izena eman behar dute, abenduaren 3tik 5era 16:30etik 19:30era. Abaraxkatik aurreratu dutenez, hil bakoitzeko lehen astelehenean erabakiko dute hurrengo astelehenetan zer egin, gurasoek, hezitzaileek eta haurrek. Nekane Martiarena ludotekaren koordinatzailearen arabera, Familien Eremuaren helburua da guraso eta haurrek elkarrekin gozatzea, “eta ez haurrak jolasten ari diren bitartean gurasoak tertulian aritzea”. Horrekin, nolabait herrian haurrekin jolasteko dagoen espazio faltari aurre egingo diote, Abaraxkaren esanetan.
Beste berritasuna, Abaraxka Ibiltaria izango da. Hilaren 30etik aurrera jarriko dute abian: haurrentzako asteburuko aisia eskaintza da. Saioak arratsaldez egingo dira, eta ez da aurretik izena eman behar. Horrela, lehen saioa, hilaren 30ekoa, Kontzejupean egingo dute, baina auzo guztietara zabaldu nahi dute, eta herriko eragileekin elkarlana bultzatuko dute. Egun horretan ikasturte hasiera eta Abaraxka martxan hasi dela ospatuko dute bertan biltzen direnek.
Abaraxkaren helburua da bere ekimen guztietan “haurrek herriarekin harremana izatea, eta haurrak herrigintzako eta hirigintzako elementu izatea”, eta horretarako herritarrekin harreman zuzena bilatuko dute euskara, parekidetasunean, euskal kulturan ohiturtan eta sinbologian, parte hartzean eta herrigintzan oinarrituta.