Arraina deskargatzeko eremuaren zabalera bi metrotan handitu dute
Pasai San Pedroko arrantzaleen lonjako eraikin berriko lehen fasearen inaugurazioa egin zuten atzo. Asko falta da oraindik lanak bukatzeko, urte eta erdi inguru, baina azpiegitura prest dago jardueraren zati handi bat abiatzeko eta gaur bertan arraina saltzeko lehen enkantea egin zuten lonja berrian. Goi mailako ordezkaritza elkartu zen atzo San Pedron. Bertan izan ziren Ricardo Peña Pasaiako Portu Agintaritzako Presidentea, Amaia Agiregabiria Pasaiako alkatea, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa sailburua, Gipuzkoako Foru Aldundian bere izenkide den Iñaki Errazkin, eta Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria.
Lan hitzarmena aldarrikatu zuen langileek
Peñaren aurretik bere eserlekua bete zutenetako batzuk ere hurbildu ziren ekitaldira, baita lanetan zerikusia izan duten teknikariak eta lonjako hainbat langile ere. Horietako batzuek protesta isila egin zuten Portu Agintaritzako presidenteak hitza hartu zuenean, enpresa-hitzarmenaren aldeko pankarta eskuetan zutelarik.
Amaitu gabe baina lanean
Lonja berria eraikin handia da, 24.600 metro koadroko azalera hartuko duena, baina lehen fasean 15.000 metro koadro baino ez dituzte ireki. Portu Agintaritzako presidenteak azaldu zuenez, arrain sal erosketa eta deskarga ez oztopatzeko erabaki zuten lanak epeka egitea. «Lanak bukatzeko urte eta erdi geratzen da eta orduan izango da zinta mozteko unea, baina gizarteak mezu positiboak behar ditu eta guk mezu positiboa bidali nahi izan dugu», esan zuen erakundeko presidenteak.
Lehen faserako bederatzi milioi euro jarri dituzte erakundeek, Espainiako Sustapen Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak, aldundiak eta Portu Agintaritzak. Lanak bukatzen direnean 15 milioitik gora izango dira, baina Pasaiak badiaren biziberritzerako behar duena askoz gehiago dela nabarmendu zuten erakunde guztietako ordezkariek. Oregi sailburuaren hitzetan, «lehen urratsa da, baina beste gauza pila bat geratzen da Pasaian egiteko» eta elkarlanaren garrantzia aipatu zuen: «Pasaitarren bizitzagatik denen artean egin dezakegun guztiaren adibide bat baino ez da. Denak gara beharrezkoak. Aurrera begiratu behar dugu eta irudipena erabili».
Pasaiako alkatearentzat, aldiz, herritarren iritzia ez da kontuan izan lonja berria eraikitzerako orduan, kexu agertu zen horregatik, eta aurrerantzean gauzak beste moduan egiteko galdegin zien gainontzeko erakundeei. Eta sailburuari beste eskaera bat luzatu zion, borroka dezala Pasaiako portua Madriletik kudeatu ez dezaten.
Bihar Psaiako lonja berriari buruzko erreportajea argitaratuko du Oarso Bidasoko HITZAk papereko edizioan.