Gipuzkoako hainbat herritan, Oarsoaldekoak barne, gas azterketaren aitzakiarekin iruzurra egiten ari direla ohartarazi die herritarrei Oarsoaldea Garapen Agentziaren Kontsumitzaileen Informazio Bulegoak. Honakoa da iruzurra: etxez etxe doaz ustezko aztertzaileak, eta goma eta erreguladorea aldatu ondoren 100 euro inguru kobratzen dituzte. Ez dute ordea benetako azterketa egiten, bezeroari ez diote azterketaren ziurtagiria ematen.
Horren aurrean, Kontsumitzaileen Bulegoak hainbat xehetasun jakinarazi ditu, balizko iruzurrak ekiditeko:
- Bezeroak instalazioa 4 urtero aztertzeko legezko betebeharra du, ontziratutako gasa (butano eta propanoa) zein kanalizatutako gasa izan (gas naturala).
- Banaketa-enpresa (Naturgas, gas naturalaren kasuan; Repsol, butano eta propanoa denean) derrigorrezko aldizkako inspekzioa egitearen arduraduna da, eta aurrez jakinarazten du idatziz. Butanoaren kasuan, duela urte batzuk arte, bezeroa zen enpresa baimenduari deitu behar ziona azterketa egiteko. Orain, ordea, Repsolek noiz egin behar duen jakinarazten du, baita azterketa zein enpresak egingo duen ere.
- Gas instalakuntzaren azterketa egitera datorren teknikaririk ez da agertzen aurrez jakinarazi gabe. Beraz, ez zaio inori sartzen utzi behar aldez aurretik Repsol edo Naturgasen eskutitzik jaso ez bada.
- Instalatzaileak lana bukatzen duenean, azterketa ziurtagiria eta faktura eskatu behar zaio. Ziurtagiririk ez jasotzea, azterketa ez egitea bezalakoa da. Legalki ez du ezertarako balio.
- Butano gasaren instalakuntzaren gomak iraungitzen dira. Iraungitze-data goman inprimatua egoten da eta erraz irakur daiteke. Erregulatzaileak ez dira iraungitzen.
- Goma eta erregulatzaile aldaketa ez du zertan baimendutako enpresa instalatzaileak egin behar, erabiltzaileak bertan egin dezake.
Horrela, edozein zalantza izanez gero, Kontsumitzaileen Bulegoarekin harremanetan jartzeko eskatu du garapen agentziak. Errenteria-Oreretako Olibet auzoan dago, eta astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara dago zabalik. Telefono zenbakia honakoa da: 943 51 01 11.