OInatz MItxelena, gaurko agerraldian
“Frankismoari gorazarre” egiten dioten kaleen izenak aldatzeko eskaera egin du, berriz ere, Irungo Bilduk. Gaur egin dute hori adierazteko agerraldia, eta hura hasterakoan, Oinatz Mitxelena koalizioaren udal taldearen eledunak Santi Brouard eta Josu Muguruza izan zituen gogoan, horiek hil zituzten urteurrena izan delako gaur, 29. eta 24. urteurrenak hurrenez hurren.
Mitxelenak jakinarazi zuen bai udalbatzarrean, zein udal erregistroan sartutako eskaeren bidez hiriko bost kaleri izena aldatzeko nahia azaldu dutela, baina momentuz ez diotela horri jaramonik egin udalean, “nahiz eta Memoria Historikoaren Legea urratzen duten”. Horrela, “kale izendegiaren batzordea” bil dadila eskatu du Bilduko kideak, gaiaren gainean hitz egiteko eta erabakiak hartzeko, “legea bete dadila eskatzen dugu”.
Bilduren ustez, Frankoren diktadurarekin harremana izan zutenen izeneko kaleak Irunen izatea “frankismoari gorazarre” egitea da, eta “gogoeta” egin behar dela horren inguruan, “gertatu zen guztia zerbaitegatik gertatu zelako”
2013ko aurrekontuko partida
Oinatz Mitxelenak jakinarazi du 2013ko udal aurrekontuetan 40.000 euroko diru multzoa gorde zela memoria historikoa berreskuratzeko lanak egiteko. Bilduren ekimenez aurrera atera zen diru hori bideratzea. Hala, Mitxelenak zehaztu du horietatik 7.000 euro inguru soilik erabili direla zeregin horretarako, zehazki, Nicolas Gerendiain Irungo Errepublikazaleen Taldea aurrera eramaten ari den egitasmo baterako. Hain zuzen, Frankoren erregimena pairatu zutenekin 200 elkarrizketa egiteko asmoa du elkarte errepublikarrak, eta horiek, etorkizun batean, “prozesu judizialen bat zabalduko balitz proba gisa” erabil daitezkeela argudiatu du. Aldunairen laguntza ere jaso du egitasmo horrek.