Errenteria-Oreretako hedabide, kazetari, eragile eta norbanako guztiak deitu ditu Zintzilik Irratiak ostiralerako, Ateak Ireki webgunearen itxiera salatzeko. Protesta hori 19:00etan egingo dute, Herriko Plazan.
Elkarretaratzearen ondoren, Ateak Irekiren aldeko manifestua sinatzeko eskatuko diete bildutako guztiei. Manifestu horretan informazio askatasuna aldarrikatzen da, eta Ateak Irekiren itxiera gaitzetsi. Horrez gain, Espainiako Auzitegi Nazionalari, “adierazpen askatasunaren aurkako erasoekin amaitzeko” eskatuko diote.
Adierazpen askatasunari egindako eraso larritzat jo du Ateak Irekik, eta modu horretara, “disidenteak ixilarazi” nahi dituztela uste du: “Herri mugimenduak garatzen duen lanak interneten islarik ez izatea nahi dute, adierazpen eta informazio askatasuna soilik beraien interesekoa denean onartzen baitute”.
Gogorarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak 2011n
apurtu.org webgunea itxi ondoren sortu zen Ateak Ireki, Komunikabide handietan tokirik ez duten “mugimendu sozialei ahotsa emateko”. Denbora horretan “eraldaketa sozialaren alde apustu egiten duten mugimendu sozialen, politikoen eta sindikalen jarduerak bildu ditu. Egoera ekonomikoa salatu dutenei ahotsa eman, lanik edota etxerik gabe geratu direnei, Estatuen biolentzia eta poliziaren jazarpena pairatu dutenei, beraien etxetik ehunka kilometrora espetxeratuak daudenei eta horiek bisitatzera doazenei”. Horrekin batera, “Nafarroako Aurrezki Kutxari lotutako ustelkeria kasuen salaketa eta zabalpenean aktibo bat” izan dela ere adierazi du, besteak beste.
http://paperekoa.berria.info/harian/2013-11-14/007/001/_Ateak_Ireki_itxita.htm