Palavecino lehen aldiz lehiatuko da samboko munduko txapelketan
Ander Palavecino hondarribiarrak bihartik igandera arte San Petersburgon (Errusia) egingo den sambo borrokako Munduko Txapelketan parte hartuko du. Ama Guadalupekoa taldeko borrokalaria hainbat aldiz geratu da Espainiako Txapeldun beheko mailetan zein nagusietan baina lehen aldiz parte hartuko du munduko txapelketan. Larunbatean lehiatuko da, -57 kiloetako pisuan. Palavecino, San Petersburgon ariko den euskaldun bakarra izango da; Espainiako Borroka Federazioak lau ordezkarirekin bidaiatuko du, Madrileko hiru kirolarirekin eta hondarribiarrarekin.
Sambo borrokako Espainiako rankinean 13. tokian dago Palavecino; pisu guztietako kirolariak sartzen dira zerrenda horretan, mutilak zein neskak, gazte eta helduen mailetakoak; 12. tokian Amako taldekide bat dago, Aritz Sagarzazu, puntu berekin baina Gazte Mailako lehiaketetan lortutakoak. Olinpiar borrokako rankinean ere sartu da Palavecino aurten, nagusien Espainiako Txapelketan lehen aldiz borrokatu eta bosgarren geratu eta gero.
Borrokalari bezain judoka
Ama Guadalupekoa judo taldeko kirolari askok borroka lantzen dute, judoari begira teknika garatzeko osagarri bezala, eta batzuk bi modalitateetan lehiatzen dira, baina judoan batez ere. Baina, Palavecinorena kasu aparte da, borroka eta sambo borroka lantzen dituelako judoaren gainetik, nahiz eta judoan ere emaitza aipagarriak lortu izan dituen.
Gazte izan arren bere palmaresa bikaina da eta Espainiako txapeldun izan da beheko maila guztietan, borrokan zein sambo borrokan. 2010 urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak aukeratutako etorkizun handiko hamahiru kirolarietako bat izan zen —bere arreba Maider ere zerrendan zegoen, baina judoan Xabier Eizagirre bezala—. Kadete denetik borrokan entrenatu eta lehiatzeko beka jasotzen du Palavecinok eta egun
Kirolgi kirolari da.
Borrokan lehiatzen den arren, judoan entrenatzen jarraitzen du hondarribiarrak eta iaz bi azterketa garrantzitsurako izena eman zuen, eta biak gainditu zituen. Azaroan judoko epaile titulua lortu zuen eta ordutik zeregin horretan jardun dezake Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Eta abenduan judoko bigarren
dan-a lortu zuen. Bistan denez, etorkizun handiko borrokalaria da Ander Palavecino baina judoka eta pertsona bezala ere ari da etorkizuna lantzen.