Oiartzunen egin zuten iaz Irrigintza jaia
Oarsoaldeko Irrien Lagunen jaia hartuko du Lezok abenduaren 1ean, Irrimeria. Iaz Oiartzunen antolatutako jaialdiaren segida izango da Irrimeria eta egun osoz gozatzeko jai “xumea” baina “koloretsua izango dela azaldu dute antolatzaileek. Oiartzun, Errenteria-Orereta, Pasaia eta Lezoko herritaren parte hartzearekin antolatutako jia da Irrimeria, “bereziki lezoarrak ari badira ere antolaketa lanetan”, esan dute antolatzaileek.
11:30ean hasiko da jaia eta 17:30era bitartean egitarau zabala antolatu dute. Horien artean bazkaltzeko aukera izango da.Kiroldegian bazkaltzeko mahaiak jarriko dituzte, baina bazkaria norberak eraman beharko duela zehaztu dute. Jaian parte hartzera hurbiltzen direnei berriz, irrien lagunen zapiak eramateko deia egin diete.
Irrimeria iazko jaiaren ide beretik landu dutela nabarmendu dute antolatzaileek: “Familia girokoa izango da, jolasteko gunea, musika eta dantza izango dira. Azken batean ondo pasatzeko eta irrien lagun sentitzen den oro biltzeko eguna izango da”.
Aisialdi euskalduna eta hezitzailea
Auzolanean oinarritutako aisialdi euskaldun eta hezitzailea lantzea du helburu Oarsoaldeko Irrien Lagunen herri ekimenak. Sorreratik umeen parte hartzea erdigunean jarri du horretarako ekimenak: “Euren herriak hobetzeko hainbat proposamen lantzen ari dira haurrak horretarako Oarsoaldeko lau herrietan”.
Antolatzaileek Oarsoaldeko bizilagunak deitu dituzte azkenik, jaiarekin bat egitera.