Sarien banaketa Ficoban egin zuten
Aurreko ostiralean eman zituzten Ficoban Irun Ekintzan enpresa ideia berritzaileen sariak. HLC SB banaketa enpresak irabazi du kontsolidatutako enpresa berritzaileen kategoriako saria (5.000 eurokoa), Ekonek SLk irabazi du enpresa berritzaile gaztearen saria (5.000 eurokoa), eta Kmon Ikasleen Elkarteak irabazi du egitasmo ekintzaileenaren saria (3.000 eurokoa). Maila bakoitzean aipamen berezia jaso dute beste hainbeste enpresek.
Denera 26 proiektu aurkeztu zituzten Irun Ekintzan-en lehen ekitaldirako. Ostiraleko agerraldian horien ordezkariak izan ziren, ordezkari politikoekin batera. Horien artean Jose Antonio Santano Irungo alkatea zegoen: “Pozik nago proiektu irabazleen nahiz aurkeztutako proposamen guztien kalitatearekin. Badakigu Irun etengabeko bidea ari dela egiten egitasmo enpresarial berritzaileekin. Horrela, negozioaren eta berrikuntzaren ekosistema bat eratuko dugu ideiarik berritzaileenak dituzten enpresa ezberdinetako errealitateak modu positiboan partekatzeko”.
Irun Ekintzan beste egitasmo handiago baten barrukoa da, Irun On: hiriaren ekonomia aktibatzeko programa da.