Epaimahaiko hainbat kide
Hilaren 29an, 19:00etan eta Errenteria-Oreretako Xenpelar Etxean emango dute 2013ko Oarsoarrak Euskararen Saria. Horrez gain, aipamen berezi bat ere egingo dute. Oarsoaldeko lau udalek jendarteko alor guztietan euskararen normalizazioan urrats esanguratsuak egin dituzten banako, elkarte, enpresa, erakunde nahiz taldeei ematen dien saria da, eta Euskararen Egunaren bueltan banatzen dute. Ainhoa Zabalo Lezoko alkate eta Oarsoaldea Garapen Agentziako presidenteak azaldu duenez, “euskara bera eta euskararen aldeko lana prestijiatzea da besteak beste sari honen xede nagusia”.
Oarsoaldeatik zehaztu dutenez, epaimahaiak, “asko pentsatu ondoren”, erabaki du jada nori eman saria, baina ekitaldiaren egunera arte ez dute jakinaraziko. Honakoek osatu dute epaimahaia: Gema Ces (EHUko irakaslea), Juanra Cano (Pasaiako Udaleko Kultura zinegotzia), Arantxa Urbe (irakaslea), Josu Arruabarrena (AEK-ko irakaslea), Juan Ramon Makuso (filosofia irakasle eta poeta), Asier Salaberria (Oarsoaldea Garapen Agentziako teknikaria) eta Ane Badiola (Oiartzungo Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilguneko teknikaria).