Gilkitxarok 'Urak Ttiki Dire' antzezlana aurkeztuko du
Bi pertsonaien arteko elkarrizketa izango da igandean Gilkitxarok aurkeztuko duen Urak Ttiki Dire antzezlanaren ildo nagusia. Iraganaz, etorkizunaz, badenaz eta ez denaz, itxaropenaz zein amaieraz hitz egingo dute, eta beste gai nagusia borroka izango da. Antzezlana igandean, hilak 24, emango dute Mikelazulo kultur elkartean, 19:00etatik aurrera.
Ilargi eta Willi pertsonaien azalean Ane Zabala eta Galder Perez sartuko dira. Gidoia eta dialogoak Gaizka Sarasolak idatzi ditu.
Bi pertsonaiak mendian egingo dute topo, eta aurretik ez dute elkar ezagutzen. Elkarrekin harremana eta ibilbide bat hasiko dute. Hala nola, itxaropenak, amesgaiztoak, frustrazioak, maitasuna, bakardadea eta elkar ezin ulertzea izango dira gehien aipatuko dituzten gaiak, borrokarekin batera: “Herri honetako eguneroko bizitzan ondorio asko izan dituen gai potoloa”.
Eztena teatro egunak antolatu du antzezlan horren emanaldia, eta aurreratu dutenez, “samurtasunez eta poesiaz beterik testu batean asko dira planteatzen diren galdera, hainbeste dira bete beharreko desioak, gehiegi baitira bete ez diren ametsak. Hori guztia biltzen du egileak testuan, ohikoa duen idazkera poetikoa eta antzerki absurdoaren arteko nahasdura eginik”.