Luma aldizkariak antolatuta, Hitz Gurutzatuen Euskal Herriko VII. Txapelketa egingo dute Irungo Ola sagardotegian hilaren 23an (larunbatean). Besteak beste, Irungo Udalaren babesa du ekimenak. Bertan hitz gurutzatu edo gurutzegrama euskaldunen zaleek parte har dezakete, eta izena emateko 943 63 08 83 telefono zenbakira deitu, edo xedera[a bildua]xedera.com posta elektronikora bidali behar da eskaera. Izena emateko azken eguna hilaren 20a (asteazkena) da. Parte hartzaile bakoitzak 25 euro ordaindu behar ditu (txapelketa eta bazkaria), baina
Luma-ren bazkidea bada, 20 euro.
Xabier Azkue zumaiarra, iazko irabazlea
Irabazleak 350 euroko saria eta txapela jasoko ditu; bigarrenak 225 euro, hirugarrenak 120 eta laugarrenak, 60. 5-16 postuen artean sailkatzen direnek 20na euroko saria jasoko dute, eta parte hartzaile guztientzat izango dira oroigarriak.
Finalera iritsi aurretik, beste hiru faseri aurre egin beharko diote lehiakideek. Honako baldintzekin:
- Lehen kanporaketa saioa (10:00-10:45): 10×10 laukiko taula egin beharko dute lehiakideek 45 minutuan.
- Bigarren kanporaketa saioa (11:00-11:45): 11×11 laukiko taula egin behar dute lehiakideek, 45 minutuan.
- Finalaurrekoa (12:15-13:00): 12×12 laukiko taula egin behar dute bertara iristen direnek (16 denera), 45 minutuan.
- Finala (13:15-14:15): 15×15 laukiko taula egin beharko dute finalera iritsiko diren lau lagunek, ordubetean.
Saio guztiak jendaurrekoak izango dira. Iazko txapelketa Xabier Azkue zumairrak irabazi zuen (goiko irudian).