Jara Herrerosen ‘Juliana’ lanaren fotograma bat
Larunbatean Gaztearte-an Special Day ekimena egin zuten Irungo Ficoban. Irungo gazteek zer egiten duten azaltzeko jardunaldia egin zuten hiriko hainbat talde, elkarte eta norbanakok, gehienbat kulturari lotutako ekimenekin. Hala, Musikirun 2013, Wereables moda tailerra edo Goazen Parkera jardueren berri emateaz gain, Gazteen Bideo Lehiaketaren sariak eman zituzten. Udalak esan du egunean zehar 500 lagun izan zirela Ficoban.
Udalaren arabera, “arrakastatsua” izan zen eguna. Fernando San Martin Gazteriako ordezkariak esan du “gazteen topagune” izan zela Gaztearte-an Special Day, “egunean zehar gazteek aukera izan zuten gazteek egindako beste egitasmo batzuk ezagutzeko, eta euren interesen araberako ekimenak egiteko”.
Gazteen Bideo Lehiaketari dagokionez, aurten 161 lan aurkeztu dira lehiaketara, eta horietatik 17 pasatu ziren finalera. Gainera, aurten, 14-17 adin tartekoentzako sekzio berezia izan da, +Cortos izenekoa. Jarraian, lehiaketaren palmaresa:
- Sekzio ofizialaren irabazlea, Jana Herreros (Madril), Juliana lanagatik.
- Bidasoko lanik onena: Mikel Alzola (Hondarribia), Iris lanagatik.
- +Cortos sekzioaren irabazlea: Belen Olcina (Alcoy, Alacant, Herrialde Katalanak) Fantastic Dream lanagatik.