Hutsunea
Azken astean gertatu zaizkidan gertaera batzuk direla eta, Oteizarekin gogoratu naiz, edo gutxienez, berak, hutsuneari ematen zion garrantziaz. Izan ere, gertatzen ari zitzaizkidan gauzak, une horretan irakurtzen ari nintzen La sabiduría de la inseguridad liburuan islatuak ikusten bainituen.
Bizitza guztian saiatu izan naiz bizitza bera kontrolatzen, edo hobe esanda, nire baitan gertatzen ziren emozio eta gertaerak kontrolatzen. Nonbait, aldaketari beldurra diot, edo zuzenago esanik, eboluzioari diot beldurra. Esaten dutenez, estruktura guztien helburua bizirautea da lehenik, agian egoera horretatik zerbait jasotzen dutelako, elikatzen direlako. Ziurtapen horrek nire barrua ulertzeko modua eman zidan, izan ere, nik ere ez dut nahi izaten aldaketaren mugimenduan bizitzea, bizitzak ekarriko didan berri hori, ez baitakit zaharra baino hobea izango ote den eta.
Nirea, bizitza ulertzeko modu oker bat dela uste dut, edo gutxienez, gaur artean ikasi behar izan dudana da eta naizena izateko balio izan didana. Baina, badaude momentu batzuk bizitzan, barruko engranajeek beste buelta bat eskatzen dutenak. Hori dela eta, bizitzan konfidantza edukitzea esaten zaio horri, hark ekarriko dizuna beti hoberako izango dela sinestea, alegia. Lehen aipatzen nuen Oteizaren hutsa, horrela ulertu dut nire bizitzaren fase honetan, hutsa, ezagutzen ez dugun zatia da, berria dena, eta eboluzionatzen lagunduko digun bakarra. Gauza bat baitira teoriak, eta besteak teoria horiek gure baitan bizitzea, hauek esperientzia ematen digutelako, eta hori jakintza baino garrantzitsuagoa da.
Laburbilduz, bizitzan egoteko edo bizitzeko modua hau dela ulertzen hasi naiz, alegia, hanka bat leku seguruan edukitzea eta bestea airean, konfiantza izanik beti, zorurik ez duen hanka horrek eramango gaituela leku hobera. Beti bizi gara berriak ekarriko digun tristeziaren beldur, eta sufriarazten gaituen bakarra ez da tristezia, tristeziaren kontra borrokatzen aritzea baizik.