Hamaika hondarribiar atera ditu Ohorezko Mailako taldeak hasierako hamaikakoan
Hamaika hondarribiarrekin zelairatu zen Hondarribia taldea atzo Hondartza futbol zelaian jokatutako Ohorezko Mailako hamargarren jardunaldiko partidan. Bergararen kontra jokatu zuten eta puntu banaketarekin amaitu zen lehia (1-1); etxekoei lehen postuetatik ez urruntzeko balio die,promozioa jokatzeko balio duen bigarren postutik bi puntura jarraitzen dutelako.
Mikel Llorente entrenatzailea pozik azaldu zen emaitzarekin eta ligan taldeak orain arte egindako bidearekin: “Taldea poliki-poliki bere bidea egiten ari da, bere helburuen bila”. Gainera, harrobitik sortutako proiektua dela nabarmendu du. “Atzoko hasierako hamaikakoan jokalari denak hondarribiarrak ziren. Hor argi ikusten da elkarte honetan egiten den lana”, gehitu zuen.
Tolosak lidergoa sendotu du. Lehen lau partidak berdinduz hasi zuten tolosarrek liga baina hurrengo seiak irabazi dituzte eta 22 punturekin daude dagoeneko. Lau puntu ateratzen dizkiete Anaitasuna, Aurrera eta Beriori, bat gehiago Lasarteko Ostadar taldeari eta sei Hondarribiari.
Hain zuzen ere, Tolosara bidaiatuko dute Llorenterenek datorren asteburuan eta liderraren bolada ona eteten saiatuko dira. Orain arte kanpoan jokatutako bost partidetatik bitan irabazi, beste bitan galdu eta behin berdindu du Hondarribiak.