Auzia epaiaren zain gelditu aurretik, absoluzioa eskatu dute tartalarien abokatuek
Egin dute Espainiako Auzitegi Nazionalean tartalarien kontrako epaiketa. Defentsak Frantzian gaia artxibatu egin zuela esatearekin batera, lau akusatuak absolbitu behar dituztela esan dute defentsako abokatuek. Fiskalak eta Yolanda Barcinaren abokatuak, berriz, 5 urteko zigor eskaera egin du Garcia, Villanueva eta Alvarezentzat. Ovejerorentzat berriz, 6 urte eta hiru hilabeteko eskaera egin du.
10:35 aldera hasi da epaiketa, eta Gorka Ovejero izan da hitza hartzen lehena. Soilik defentsako abokatuei erantzun diete, eta ukatu egin dute Okzitaniako Tolosan egon izana. Mikel Alvarezek esan du ez zela Tolosan izan eta ez zutela atxilotu; inputatu gisa deklaratzera deitu zutela. Ibon Garciak eta Julio Villanuevak ere azaldu dute Iruñean atxilotu zituztela.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak hartu du hitza ondoren. Tartakadak “kolpetzat” jo ditu: “Zikina nengoen, arropa aldatu behar izan nuen”. Esan du “ezustean” harrapatu zutela eta “min handia” eman ziotela: “Konturatu nintzen erraza dela kargu publikoei eraso egitea”. Fiskalari erantzunez, Barcinak esan du “justizia“ nahi duela “erasoagatik“.
Fiskalak nabarmendu du “delitu larria” izan zela Barcinari tartak bota izana, eta bosna urteko espetxe zigorrari eutsi dio. Barcinaren abokatuak “atentatutzat” jo du protesta hura, eta esan du are larriagoa dela Barcina agintari publikoa izanagatik.
Defentsako abokatuak argudiatu du Auzitegi Nazionala ez dela gertaerari dagokion jurisdikzioa, eta gogoratu du Frantziako auzitegiek auzia artxibatu zutela. Lau auzipetuen abokatuek absoluzioa eskatu dute guztientzat, eta sententziaren zain geratu da auzia.
Laurei babesa agertzeko, elkarretaratzea egin dute auzitegi atarian, 09:15ean. Mila Elortza AHT Gelditu! mugimenduko kideak nabarmendu duenez, “momentua” da abiadura handiko trenaren eraikuntzari “desobedientziaz” erantzuteko, eta salatu du ekintza “baketsu” bat epaituko dutela Auzitegi Nazionalean; haren iritziz, zigor eskaerak “astronomikoak” dira.