Abakoaren luzeraz
Badira gure burmuineko txokoren batean zizelkatuta geratzen diren haurtzaroko oroitzapenak. Ez dakit ikerlariek izango luketen fenomeno hori azaltzeko modurik, baina arrazoiren batengatik, haurrak ginenean bizitako pasarte gehienak iluntasunean galtzen diren bitartean, beste batzuk garaile irteten dira ahanzturaren aurkako borrokan. Kasu batzuetan oroitzapen traumatikoak izan daitezke, besteetan zoriontsu sentiarazi gintuzten momentuak, baina badira, eta hauen inguruan ari naiz bereziki, azalpen zailagoa duten beste batzuk. Abakoaren kasua da horietako bat: bizitza osoan zehar matematikak gorrotatu baditut ere, abakoarekin gogoratzeak sentsazio atsegina sorrarazi dit.
Historian zehar oso erabilia izan da abakoa kalkulurik sinpleenak egiteko. Pentsatzen dut guztiek ezagutuko duzuela tramankulu honen funtzionamendua: alanbre batek erditik zeharkatzen dituen bolatxoez osatua egoten da, eta bolatxo guztiak alanbrearen albo batean pilatuta dauzkagunean horietako batzuk beste aldera pasa ondoren erraza da hasieran geratzen zitzaigun multzotik zenbat geratzen diren kalkulatzea; bolatxoak zenbatu besterik ez dugu. Bizitzaren metafora argia iruditu zait.
Demagun gure abakoan ehun bolatxo sartzen ditugula —agian bizi-itxaropen altu xamarra jarri dudala irudituko zaizue, baina zaharren egoitzan medikua den lagun batek esan zidan mende bat betetzera iristen diren pertsonen kopurua gero eta altuagoa dela, agintariek adin hau betetzen dutenei loreak emateari uzteraino—. Suposatu dezagun, bolatxo bakoitza gure bizitzako urte bat dela, eta urtebetetze bakoitzean horietako bat abakoaren beste aldera pasatzen dugula. Txikiak garenean bolatxo gutxi ditugu gure aldean, eta parean, etorkizun luzea. Urteak joan ahala, kanikatxoak batetik bestera pasatzen jarraitzen dugu eta bat-batean bi multzoak parekatzen hasiak direla ohartzen gara. 40 urteetako krisia. Ondoren kenketak bere krudeltasun gordinenean jarraitzen du.
Gaurko frantseseko klasea benetan bitxia izan da, hitz egin arazteko helburuarekin ondorengo gaia planteatu baitigu irakasleak: zer gertatuko litzateke genetikaren arloan egindako aurrerapenek gure bizi itxaropena mila urtera luzatzea ahalbidetuko balute? Bat-batean, mila bolatxo irudikatu ditut alanbrean harrapatuta, gutxi batzuk albo batean eta horien parean etorkizun amaigabe bat. Nire pentsamenduetan murgilduta nenbilela, irakasleak alde eta kontrako argudioak bilatzeko eskatu digu; aurreratu du, imajinatzen duela gehiengoa kontra egongo dela baina saiatzeko aldeko argudioak ere bilatzen. Nola?
Taldeka jarri gara. Andereñok arrazoi. 100 urte edo 1000 aukeratu behar izatekotan, gehiengoak nahiago lehenengoa. Zer egin hainbeste urteetan zehar? Hori izan da galdera nagusia. Onartu beharra dago surrealista xamarra dela asuntoa. Luxuzko etxe baten prezioa esaten didatenetan bezala gertatu zait: zifra batetik aurrera nire burua blokeatu egiten da. Uste dut ez naizela bakarra, batzuk hilezkor izatearekin parekatu baitute. Planteamendu kuriosoak sortu dira: bikoteko izan daitekeen seme-alaba kopurua murriztu beharko litzateke gainpopulazioa ekiditeko, haurrak goiz izanez gero zure bilobaren biloba ere ezagutzeko aukera izango zenuke… Posible izango al litzateke zure bizitzako bikotea aurkitzea? Benetako laranja erdia izan beharko luke, dudarik gabe.
Bitxia da gizakia. Gehienez ehun bolatxo dituen abakoaren inguruan diseinatu dugu gure existentzia eta bat-batean beste 900 gehitzeak izutu egiten gaitu. Zer egin hainbeste urteetan? Aspertuko ginateke, esaten zuen gehiengoak. Tristea iruditu zait besteen ahotan hori entzutea, bizitzak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzen ez jakitearen seinale iruditu zait, monotonia erabatekoarena. Tristeena, baina, nik ere zer egin jakingo ez nukeela konturatzea izan da.
Autobusean horri bueltaka etorri naiz eta etxera iritsitakoan bikoteari galdetu diot: Reala liga irabazten ikusteko aukera izango genuke behintzat!