Oarsoaldeko mugimendu feminista
Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna hurbiltzen ari da. Azaroaren 25ean izango da, eta Oarsoaldea mailan ere indarkeria matxista salatzearekin batera, gogoan edukiko dituzte 2013an hil dituzten emakumeak. Hala, egun horretarako deialdi bikoitza egin du Oarsoaldeko mugimendu feministak. Batetik, Errenteria-Oreretan, Antxon eta Oiartzunen egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko, eta bestetik, tabernari, komertzio, eta oro har, kalera begira lan egiten dutenei eta herritarrei arropa beltzez jantzi eta zerbait morea eramateko. Horrekin batera “kandelak piztea, kontzentraziorako dei egiten duten kartelak jartzea eta 19:30etik 20:30era argiak itzaltzea” ere eskatu dute.
Azaroaren 25ean, 19:30ean elkartuko dira, Errenteria-Oreretan Zumardian, Antxon Gure Zumardian eta Oiartzunen Herriko plazan. Hiruretan ordu berean.
Oarsoaldeko mugimendu feministak gogorarazi duenez, Euskal Herrian bost emakume hil dituzte urte honetan: Montserrat Marigo, Antsoainen hil zuten ustez pisukideek labankadaz; Maria Angeles Gasteizen, senarrarekin batera hilda agertu zen indarkeria zantzuekin; Amagoia Elezkano Laudion, ustez senarrak eraila, eta Maureen Ada Otuya zein Jenny Sofia Revollo Bilbon, Juan Carlos Aguilarren “torturapean erailak”.
Emakumeak ez direla “biktimismoa” bilatzen ari esan dute: “Indarkeria matxistak sortzen duen neke, egonezin eta nazkaz baliatuta defendatzeko gai garela ozen ohikatu nahi dugu”. Horri lotuta, emakumeek “lasai” bizi nahi dutela aldarrikatu dute, “kalean, etxean ikastetxean nahiz lantokietan erasotuak izango garenaren beldurrik gabe”.
“Politika errealak”
Lau eskaera nagusi zabaldu dituzte. Batetik, politika errealak nahi dituztela: “Eusko Jaurlaritza, aldundia, eta udaletatik etorri behar duten neurri prebentibo eta paliatiboen zain jarraitzen dugu”. Bestetik, kalera eurena dela, eta “aske” ibili nahi dutela. Horrez gain, emakumeak ez direla inoren jabe, eta euren bizi proiektuak askatasunean garatzen jarraitu nahi dituztela. Eta azkenik, eraso matxisten aurrean ez direla kokilduko: “Gure burua eta beste emakumeena defendatzen jarraituko dugu, gure auzo eta herrietatik erasotzaileak bota arte, emakume sareak antolatzen eta konspiratzen jarraituko dugu”.