Gaur bukatzen da prosa eta poesia lehiaketan lanak aurkezteko epea
Literatura euskaraz gozatzeko asmoz, prosa eta poesia lehiaketa antolatu du Oiartzungo Udalak beste urte batez eta gaur 12:00ak arte aurkez daitezke lanak.
Prosa eta poesia lehiaketak hogeita seigarren aldia du aurten. Helburu argiak ditu: Literaturaz euskaraz gozatzea eta idazteko zaletasuna indartzea. Udaleko Euskara sailak bereziki 16 eta 18 urteko gazteei animatu nahi die parte hartzera, nahiz eta lehiaketan 8 urtetik gorakoek parte hartzen duten; horiek, baina, ikastetxeen bidez egiten dute.
Lehiaketan parte hartzen duten 16 eta 18 urteko gazteen artean 120 euroko bi sari banatuko dituzte, prosa zein poesian. Poesian, 40 lerroko lana idatzi behar da, eta prosan, berriz, gehienez hiru folioko narrazioa; hori bai, dena ordenagailuz. Lanak A4 tamainako orrialdetan aurkeztu behar dira, bi espazioko tartearekin idatzita eta lan bakoitza bi kopiarekin.
Egindako lanak udaletxean (Euskara zerbitzura bideratuta) aurkeztu behar dira gutun-azal itxi batean. Gutun-azalaren kanpoaldean lan mota, ikasmaila, adina eta izengoitia jarri behar dira. Barruan, beste gutun-azal itxi batean izengoitia, izen-abizenak, ikasmaila eta adina, ikastetxea, helbidea eta telefonoa zehaztu behar dira.
Sariak abenduaren 14an banatuko dituzte, udaletxeko areto nagusian.