Errenteriako Udalak egin ditzakeen lanak egiteko kanpoko enpresarik ez kontratatzeko eskatu du EAJk
Errenteriako EAJren arabera, udal gobernu taldeak batetik, 11.000 euro ordaindu dizkio enpresa bat lankidetza garapenerako kudeaketa egiteko, eta bestetik, 279.000 euro hainbat azterketa eta plan aurrera eramateko erabiltzeko asmoa du. Maite Peña EAJko bozeramailearen iritziz, “krisi garai kontuan hartuta, ez du zentzurik beraiek egin ditzaketen lanengatik ordaintzea”.
Izan ere, Peñaren ustez, udal funtzionarioak lan horiek aurrera eramateko nahikoa prestatuta daude, eta horregatik eskatu du lan horiek egiteko enpresarik ez kontratatzeko.
Diru hori “behar gehien dituzten errenteriarrei laguntzeko erabiltzea” proposatu du Peñak.
Gai horretan udal gobernu taldea egiten ari den kudeaketa “txarra” dela iritzi dio EAJko bozeramaileak, eta alkateari aurrekontu hori biltzen duen dekretua onartuko duen galdetu dio, “oposizioko talde guztiak gai honekin berarekin ados egonda ere”.