Boliviako emakumeen egoera azalduko du Nerea Almazanek astelehenean Zuloaga Etxean
Nerea Almazan psikologo hondarribiarrak hitzaldia emango du astelehenean Zuloaga Etxean, 19:00etan. Hondarribiko Udalaren Gazte Kooperanteen beka jaso zuen iaz eta Boliviako hiriburuan izan da hiru hilabetez, Haurralde GKErekin. Boliviako emakumeen eskubideen arloan lan egin du: generoen arteko desberdintasunak, biolentzia, eskubide sexualak, ugalketa…
Almazanek, diapositibaz eta han bizitutako adibiden bitartez azalduko du La Pazeko emakumeen egoera. “2001 urteko zentsuko datuen arabera, La Paz hiriguneko biztanleen %35 pobrezia egoeran bizi da. Hau da, 264 mila biztanlek ez dituzte haien behar basikoak asetzen, oinarrizko zerbitzu, hezkuntza, osasun eta bizitza zerbitzuak eskuratzeko zailtasunak dituztelako. Pobrezia honen banaketa ez da homogeneoa gizartean, eta txirotasun indize altuenak La Paz hiri-inguruko guneetan aurkitzen dira eta gehien bat emakumeengan dute eragina”, azaldu du Almazanek.
Bere esanetan, gazteen artean desinformazio handia dago eta sexu transmisioko gaixotasun eta infekzioei dagokienez, Boliviako ITS tasa erregioko altuenetakoa da: “2000. urteko datuen arabera, adin emankorrean dauden 1.000 bakoitzeko hamalau pertsonek dituzte transmisio sexualeko infekzioak eta emakumeen %41ak bakarrik onartzen du metodo antikontzeptiboen erabilera”, gehitu du. Haurdunaldien prebentzioari buruzko informazio falta dagoela gaineratu du eta nerabeen haurdunaldiek azken urteetan gora egin dutela gaineratu du Almazanek.
Horretaz guztiaz mintzatuko da psikologo hondarribiarrak astelehenean Zuloaga Etxean, 19:00etan. Hitzaldia irekia da, eta bukaeran biltzen direnen galderak eta zalantzak argituko ditu Almazanek.