Alaia Martin
Alaia Martin oiartzuarrak biharko saioan kantatuko du beste bost bertsolarirekin batera.
Elorsoro kiroldegian Bertsolari Txapelketa nagusiko hirugarren finalaurrekoko saioa izango da bihar, 17:30ean hasita (kiroldegiko ateak ordubete lehenago irekiko dira). Alaia Martinekin batera Aitor Sarriegi, Beñat Lizaso, Jon Maia, Agin Laburu eta Odei Barroso igoko dira oholtza gainera. 2009ko finalean kantatu zuten bi bertsolarik kantatuko dute lehen aldiz txapelketa nagusiko aldi honetan: Aitor Sarriegik eta Jon Maiak. Gainerako laurek kanporaketetan lortu dute txartela.
Azken sarrerak salgai
Bertsozale.com atarian jakinarazi dutenez, autobabes plana errebisatu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen bulegoak baimena eman du 1.500 lagunentzako aforoa izateko, denak eserita: “Horiek horrela, hainbat egunez etenda egon zen sarrera salmenta berriro martxan jarri zen ostegunean. Azken sarrerak dira salgai jarri direnak, horiek amaituta ez da gehiagorik izango. Entzule guztiak eserita egongo dira Elorsoro kiroldegian, beraz aurretik zutikako sarrera erosi duten pertsonek saioa eserita ikusteko aukera izango dute, erosia duten sarrera baliatuta”. Sarrerak
www.bertsosarrerak.eu webgunean eros daitezke.
Biharko saioa irabazten duen bertsolaria finalaurrekoetarako bigarren itzulirako sailkatuko da zuzenean. Azaroaren 23an Donostiako saioan kantatuko du. Gainerako bertsolariek finalaurrekoen lehen itzuliko puntuazioen zain egon beharko dute.