Gaztañon denbora daramate auzo konpostajea egiten, baina laster beste bi auzo batuko zaizkio: Agustinak eta Gaztaño. Gaur aurkeztu dute proba pilotua, eta datorren astean bertan, informazio bilerak egingo dituzte, konposta egiten hasiko diren bi auzo horietan. Asteazkenean, Fanderian izango da bilera, 19:30ean, auzo elkartean; eta ostegunean, berriz, Agustinetan 19:00etan.
Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak eta Luisma Diez Hirigintza zinegotziak aurreratu dutenez, auzo bakoitzean hogei familiek egingo dute auzo konpostajea; denera, 60 familiek. Norbaitek auzo konpostajean parte hartu nahiko balu, Ingurumen departamenduarekin jarri behar du harremanetan 943 44 96 03 telefono zenbakian edo
ingurumena[a bildua]errenteria.net helbidean.
Ekimen hori boluntarioa da, eta asmoa zabortegietara hondakin gutxiago eramatea eta sentsibilizatzea dela azaldu du Diezek. Izan ere, zabor poltsa dauden hondakinen %40-50 organikoa dela azaldu du.
Auzo konpostajearen aurkezpen bilerak irekiak dira, eta konpostajea ezagutu eta kontzientziatua dutenek nahiz ezagutzen ez dutenei irekia dela jakinarazi du Mikel Urruzola prozesu hori eramango duen Artelatz enpresako ordezkariak. Era berean, bilera horiek Europako Hondakinen Prebentziorako Astearen barruan sartu dituzte. Behin bilera horiek egin ondoren, izena ematen dutenek formazio zehatza jasoko dute. Urruzolak gaineratu duenez, egun batean jasoko dute, eta bi ordu ingurukoa izango da, ideia orokor eta pauta zehatz batzuk emateko.
Auzo konpostajean auzo horietako bizilagunek parte hartu ahal izango dute. Horiek auzoan bertan egingo duen auzo konpostajerako gunera sartzeko giltza bat izango dute. Gune hori hesitua egongo da. Zortzi konpostaje kutxa izango dira, bakoitza 700 litrokoa. Egiturazko lau bidoi ere jarriko dituzte.
Datorren urte hasierarako, martxan
Otsaila-martxoa aldera auzo konpostajea egiteko moduan izango direla bizilagunak aurreratu du Ferradasek. Aurretik, obren lizitazioa aurrera eraman behar dute, eta bizilagunen zerrenda osatu. Egitasmoa martxan jarri ondoren, emaitza positiboak lortuz gero, aurrera begira, herrira zabaltzeko asmoa dutela ere gaineratu du Diezek. Era berean, herrian egingo diren zuhaitzen kimatzetako hondakinak hara eramateko asmoa agertu du.
Dagoeneko, Gaztañon martxan dute auzo konpostajea, eta oro har, kontzientziatzea garrantzitsua dela nabarmendu du hori egiten ari den auzotar batek. Agustinetako beste auzotar batek esperientzia zer moduz doan galdetuta, erantzun dio sagutxo edo eltxoak izaten dituztela. Hala ere, behin Gaztañon arazo horiek detektatuta beste auzoetan horiek ez errepikatzeko moduak jarriko dituztela aurreratu du Diezek. Gaztañon, modu berean, hobekuntzak egingo dituztela adierazi du.