Liderrarekin berdindu eta gero igandean Egia taldea menderatu nahi du La Bacaladerak Hondartzan
Liderraren etxean berdinketa lortu ondoren Egia Bar Koskorroren kontra jokatuko du La Bacaladera Hondarribiak, eskubaloiko Euskal Ligako zortzigarren jardunaldiko partidan. 12:00etan hasiko da partida, Hondartza kiroldegian. Usurbilen erakutsiko grina azalduz gero, aukera asko izango du Hondarribiko taldeak bi puntuak lortzeko.
Joan den asteburuan emaitza bikaina lortu zuen La Bacaladerak Usurbilen, liderraren etxean berdinduta (29-29). Hondarribiarrek ez zuten partida hasiera ona egin, baina horri buelata ematen jakin zuten eta etxera puntu batekin itzuli ziren. Gainera, irabazteko aukerak ere izan zituzten, partidaren bukaera arte.
Viki de la Haza entrenatzaileak azaldu duenez, gaizki hasi ziren defentsan eta Usurbilen eraso bakoitza gol izaten zen: “Defentsan ezin genuen haien jokalari onena, ezker hegalekoa gelditu”. Gainera, gol gutxien jasotzen dituen ligako taldea da Usurbil eta erasoan arazo asko zituen La Bacaladerak haien defentsa gainditzeko. “Bost goleko aldea lortu zuten 15. minuturako”.
Akatsak zuzendu nahian, defentsan nahiz erasoan aldaketak ezarri zituen De la Hazak. “Haien ezker hegalekoa presionatzen hasi ginen defentsan eta erasoan pibotearekin gehiago jokatzen hasi ginen”. Horri esker tartea murriztu eta atsedenaldira gol bat atzetik joan ziren hondarribiarrak (16-15).
Bigarren zatia oso parekatua izan zela nabarmendu du berdeen entrenatzaileak: “Beraiek ia beti aurretik joan ziren, baina inoiz ez bi gol baino gehigorengatik eta bost minuturen faltan 26na berdindu genuen”. Hortik aurrera bi taldeek aukerak izan zituzten irabazteko eta azken segunduetan erabaki zen lehia.
Bukatzeko minutu erdi falta zela La Bacaladerak zuen baloia eta markagailuan 29-29 azaltzen zen. “Ez genuen golik egin baina defentsan baloia berreskuratu genuen, kontraerasora atera ginen eta gola sartzea lortu genuen, baina denboratik kanpo”, gehitu du hondarribiarren entrenatzaileak.
Usurbilen, Andoni Ventura izan zen taldeko goleatzaile onena, 13 golekin eta Unai Tellok 6 aldiz zulatu zuen liderraren atea.
La Bacaladerako goleatzaileak: Jon Romo (3), Eneko Sagarzazu (3), Unai Tello (6), Iñigo Gomez (0), Mikel Vazquez (3), Erik Jimenez (1), eta Andoni Ventura (13).