Lezoko EAJrentzat "neurrigabekeria" da AHTren kontrao ekintzaileen aurkako epaiketa
Ongi jakina da AHTren aldeko apostua egina duela EAJ-PNVk. Ongi jakina da, era berean, Barcina andreari tartak jaurtikitzea ez zaigula txaloragarri iruditzen, ezta gutxiagorik ere. Alabaina, adierazi nahi dugu, ozen eta argi, neurrigabekeria izugarria iruditzen zaigula lau pertsonok Auzitegi Nazionalera eramatea, eta kondena jasoz gero tamainako kartzela-zigorra jasotzea.
Baina gehiegikeria iruditzen zaigu “Tartalariekiko elkartasun manifestua” Lezoko Udalaren izenean sinatzeko puntu bakarreko plenoa berezia egitea. Elkartasun manifestua egin dezake alkate nahiz alkateorde denak; ez dute, ordea, horrela jokatu nahi izan. Lezoko udala da AHTren kontrako mugimenduak antolatutako ekimenen programan pleno berezia egingo duen udal bakarra.
Bi aukera hoien arteko diferentzia ekonomikoa da; korporazioko hamahiru kontzejalak Plenoan biltzea mila eurotik gora kostatzen zaio udalari aldi bakoitzean; pleno bereziak ezinbestekoak direnean baizik ez genituzke egin beharko; baina hau ez da kasua. Horrregatik erabaki dugu azaroaren 13ko pleno berezira ez joatea.