Etxeko atleta da Ion Garraus (Irun, 1978). Hau da, hurbileko probetan parte hartzen du normalean, lanagatik ezin duelako hara eta hona ibili lasterketetan. Baina parte hartzen duenetan beti dago aurre-aurrean. Horren erakusle da aurten hainbat lehia irabazi dituela. Hartara, Behobia-Donostiako sailkapen nagusian hamaikagarrena izan da, eta Oarsoaldeko eta Bidasoko atleten artean lehena, nabarmen gainera.
Ion Garraus, igandean, helmugara iristen
Oarso Bidasoko korrikalarien artean lehena izan zara Behobia-Donostian.
Egin nuen marka [1:07:12] ezin esan oso ona izan zenik, baina postu ona egin nuen, bai. Haize bolada indartsuak izan ziren proba bitartean, eta marka ona egitea oso zaila zen.
Zein izan zen lasterketako unerik zailena zuretzat?
Zailena Gaintxurizketaren igoeraren hasieran izan zen, han bai izan zirelako haize bolada oso-oso indatsuak. Gainera, inork ez zuen izan ekimena taldetik tiraka aritzeko, ia denak atzera begira geunden tiraka aritzeko pisua nork hartu. Zalantza uneak izan ziren.
11. izan zara aurten Behobian, Zure posturik onena izan al da?
Aurten ordubete eta zazpi minutu egin ditut, baina aurretik ordubeteko eta bost minutuko marka nuen egina, hortaz, ez da izan nire emaitzarik onena. Pena izan da, aurten ondo nagoelako, eta azkarrago joateko gaitasuna nuelako. Ordubete eta lau minutu egiteko ideia nuen, baina haizeagatik ezinezkoa izan zen.
Baina Gaintxurizketa aurretik Irun, zure hiria, zeharkatu zenuen. Zer sentitu zenuen?
Gozamena izan zen. Jende askok oihukatu zuen nire izena, animatu ninduen. Oso une politak izan ziren.
Sasoi oso ona daramazu…
Ekainean hasi nintzen lasterketekin, eta orduan San Martzialeko igoera irabazi nuen. Ondoren, irailean, Guadalupeko igoeran ere lehena izan nintzen; igoerak ditut gustuko batik bat, pisu arinekoa naizelako, eta igoeretan hobeto moldatzen naiz. Irungo gaueko lasterketan laugarrena izan nintzen [Imanol Cruzek irabazi zuen], eta Txingudi Korrika ere irabazita daukat aurten. Donostiako 15 kilometroko proban ere parte hartu nuen, egin, egin nuen, baina egun txarra pasatu nuen hego haizeagatik, pattal ibili nintzen.
Nola hasi zinen korrika?
Unibertsitatean nengoela hasi nintzen korrika. Ez nuen astirik beste kirolen bat egiteko, eta horrela hasi nintzen lasterka. Pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen, astean hirutan edo osteratxoa korrika egitera joaten nintzen, eta erabaki nuen Behobia-Donostia batean izena ematea. Lehen horretan ordubete eta hamar minutu egin nituen, eta pentsatu nuen ez nuela hain gaizki korrika egiten… Ia kasualitatez hasi nintzen.
Aurten irabazi dituzun proba guztiak Bidasoa ingurukoak dira. Kasualitatea?
Ez, ez. Lanagatik ez dut denbora gehiegirik, eta nahiz eta gustatuko litzaidakeen beste lasterketa batzuetan parte hartu, ingurukoetan parte hartzen dut beti. Nire lana estresagarria da berez, eta lasterketak baliatzen ditut estresa gainetik kentzeko, ez ardura gehiago izateko. Nutrizionista naiz, kontsulta bat daukat, eta kirolariekin besteak beste lan egiten dut. Beti oso lanpetuta nago.
Hortaz, kirolarien osasunaren gaineko ezagutza baduzu. Zer iruditu zaizu Behobian Nafarroako atletaren heriotza?
Tristea izan da, berri txarra izan da. 30 urterekin edonork bere bizitza galtzea, are gehiago kirol jarduera bat egiten ari denean, oso tristea da. Lasterketen antolatzaileek bultzatu beharko lituzkete testak, edo bihotzeko ekografiak, edo esfortzu probak; odol analisiak ere egin beharko lirateke. Kirola egitea osasungarria da, bai, baina beti kontrola izan behar da. Antolatzaileek bermatu beharko lukete hori, zorrotzago behar lukete, minimo batzuk bete. Horrek kostu bat du, eta beharbada lasterkarien kopurua jaitsiko litzateke, baina beharrezkoak dira minimo batzuk.