600 film labur jaso ditu aurten Trintxer Kultural elkarteak eta horietatik 37 hautatu ditu lehiaketarako; guztira 60 lan proiektatuko dituzte astebetean.
Larunbatean hasi eta hilaren 23ra bitartean zine giroa nagusituko da Trintxerpen. Bertako Trintxer Kultural elkarteak antolatuta XV. Ikuska egingo dute bertako alkateordetzan. Lehiaketarako hautatu dituzten lanak datorren astean ikusi ahal izango dira. Astelehenetik ostiralera egunero izango dira proiekzioak, 20:00etan. Zortzina lan emango dituzte astelehenean eta ostiralean, eta zazpina gainontzeko egunetan. Epaimahaian, aurten, Moriarti ekoiztetxeko Jon Garaño eta Jorge Gil izango dira, eta beraiekin batera Pablo Malo zine zuzendaria eta Ikuskako zuzendari artistiko berria Kike Santiago.
Arrieta ahizpak Trintxerpen
Inguruko zinemazaleek ondo dakitenez, Trintxer Kultural elkarteak kalitate handiko emanaldiak antolatzen ditu urtero lehiatik at. Larunbatean, esaterako, emakumea ardatz duen ziklo batekin zabalduko dute Ikuska, 19:30ean.
Emea eta Anitza izenburupean, bost film labur emango dituzte. Emakumeen indarkeriaren kontra lan egiten duen Bekoz Beko elkartearekin elkarlanean antolatu du aipatu zikloa Trintxer Kulturalek. Sari bat ere banatuko dute emanaldian.
Larunbatean bertan, baina gauean, jaialdi honen barruan jada klasikoa bihurtu den zita izango da.
Gauguasa barre egiteko zinea maite dutenen zita da. 22:30ean hasiko da emanaldia.
Igandean, berriz, Jorge Gilek zuzendutako
El metodo Arrieta dokumentala botako dute. Begiradarekin elkar komunikatzen duten Lourdes eta Mentxu Arrieta ahizpen bizipenak kontatzen ditu dokumentalak. Bi ahizpak Trintxerpen izango direla iragarri dute antolatzaileek.
Euskarari tokia
Euskarari merezi duen tartea eskaintzeko ahaleginari eutsi diote aurten antolatzaileek. Lan gutxi jaso ohi dituzte Ikuskakoek euskaraz, baina, hala izanda ere, ahalegin berezia egiteko konpromisoa hartu nahi izan dute. Ikuskak hitzarmena sinatuko du eskualdeko euskaltegiekin eta Oarsoaldearekin, eta Euskarazko Lan Onena sarituko dute lehendabizikoz. Euskarazko lan irabazlea euskaltegietan proiektatuko dute gerora.
Horrez gain, zinea herriko txikienei gerturatzeko ahaleginean sakonduko dute. Inguruko ikastetxeetako ikasleentzako emanaldiak antolatu dituzte aurten ere. Hiru egunetan jaitsiko dira alkateordetzako zinema aretora haurrek, eta hilaren 20ean Haurren eta Nerabeen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen dela baliatuz, aniztasunaren gaia jorratzen duten filmak erakutsiko dizkiete. Emanaldiek Irudi Biziak elkartekoen eta Pasaiako Udaleko Immigrazio Departamentuaren laguntza jaso dute.
Epaia, hilaren 23an
Datorren ostiralean, gauean, zale asko bildu ohi dituen emanaldia izango da. Beldurrezko filmak emango dituzte, intrigazkoak, thrilerrak… eta larunbatean, azkenik, epaimahaiaren erabakia ezagutzeko eguna izango da. 19:00etan izango da sari banaketa. Ondoren saritutako lan guztiak ikusteko aukera izango da.
Emanaldi guztiak Trintxerpeko alkateordetzan dira, doan.
Programazio eta ordutegi zehatzak ezagutzeko bisitatu
Ikuskaren webgunea
“iniciacion a la fotografia” film laburra