AHTren kontrako taldearen mozioa aztertu zuen atzo udalbatzak
Oarsoaldeko AHTk aurkeztutako mozioa aztertzeko ezohiko plenoa egin zuten atzo Lezoko Udalean. Yolanda Barcinari 2011. urteko azaroan Okzitaniako Tolosan egiten ari ziren Pirinioetako Lan Komunitatearen osoko bilkuran tarta bota zioten Abiadura Handiko Trenaren kontrako lau ekintzailei babesa erakusteko eskatu zion udalari AHTren kontrako taldeak atzo landutako mozioaren bidez. Datorren astelehenean epaituko dituzten ekintzaileen artean Ibon Garcia lezoarra aurkitzen da. Fiskalaren zigor eskaera berriz 5 eta 9 urte artekoa da.
EAJko hiru ordezkariak eta PSE-EEko zinegotzi bakarra ez ziren bertaratu eta alkatea eta Bilduko zinegotziek entzun zuten AHTren aurkako taldeko kideen eskaera. Tartalariekiko elkartasun manifestua irakurrita, lau eskaera luzatu zizkion AHT taldeak udalari eta guztien alde egin zuen udalbatzak. Horren arabera Yolanda Barcinari tartak jaurtitzeagatik auzipetuak dauden lau kideen aldeko elkartasun manifestuarekin bat egitea erabaki du Lezoko Udalak eta komunikabideetan egoeraren salaketa zabaltzea adostu.
Udaletik begirale bat epaiketara bidaltzeko eskatu zuen, halaber, AHTren aurkako taldeak. Agenda kontuak direla eta azken hori ezin dutela bermatu azaldu zuen Ainhoa Zabalo alkateak. Epaiketa prozesuak eragingo dituen gastuei aurre egiteko laguntza ekonomikoa ematea erabaki zuen azkenik udalbatzak.
“Egoera larria”
Oarsoaldeko AHTren aurkako taldearen izenean mintzatu zen kideak “ama lurraren aldeko borrokak jazarpen handia” pairatzen duela salatu zuen: “Apustu errepresiboa egiten ari diren adibidea da epaiketa hau”.
Garcia Madrilen dela azaldu zuen ondoren haren amak, “abokatuekin hitz egitera joan dira asteleheneko epaiketaren harira. Ez dakigu zer gertatuko den”. Datorren astelehenean izango da epaiketa San Francisco de Henareseko aretoan (Madril, Espainia). Bertara joateko autobusak antolatu dituela azaldu zuen AHTren aurkako taldeak eta baita etzi Iruñean egingo den elkartasun manifestaziora joateko eta batean zein bestean parte hartzeko deia luzatu zien herritarrei.
Tartalarien aurkako epaiketa “gehiegikaria eta injustizia” dela salatu zuen Ainhoa Zabalo alkateak, eta animo mezuak helarazi zizkien Garciari eta epaituko dituzten beste hiru kideei.
EAJrentzat, “neurrigabekeria”
Atzoko plenoan parte hartu ez bazuen ere AHTren aurkako ekintzaileen kontrako epaiketa “neurrigabekeria” dela adierazi du EAJk ohar baten bidez. Atzoko plenoan parte ez hartzeko erabakia ere azaldu du ohar horretan alderdi jeltzaileak: “Gehiegikeria iruditzen zaigu tartalariekiko elkartasun manifestua Lezoko Udalaren izenean sinatzeko puntu bakarreko pleno berezia egitea. Elkartasun manifestua egin dezake alkate nahiz alkate ordeak. Hamahiru zinegotziak plenoan biltzea mila eurotik gora kostatzen zaio udalari, eta horregatik erabaki dugu ez joatea”.