
Banakon jarritako koadroetako asko eskualdeko paisaiak dira
Juan Ramon Rudy
Nafarroako margolaria-k erakusketa jarri du Banako tabernan (Txiplao industria gunean). Hilaren bukaera arte, Irunen bizi den artista autodidaktaren azken lanak uksteko aukera izango da bertan. Asko Bidasoa eskualdeko paisaiak dira, baina irudipenak ere eskegi ditu Rudyk Banakoko horman. “Sentimenduak azaltzeko” balio dio pinturak Rudyri, baina “bizitzeko modu bat” ere badela esaten du.
Nafarra jaioa baina Irunen bizi zara.
Bai, nafarra naiz, Erriberakoa, Traibuenas herrikoa, baina bederatzi urte nituenean Berara joan ginen eta 33 urte egin arte bizi izan nintzen han. Irunera joan nintzen gero. Oso gustura nago Irunen baina Beran familia eta lagunak ditut. Horregatik bidasoarra naizela esaten dut beti, bizitza osoa eman dudalako Bidasoaren ertzean. Beran bizi nintzenean Pio Barojaren auzokoa nintzen eta Itzea etxeko lorategian margotzen ikusi ohi nuen.
Autodidakta zara. Noiztik?
Nerabezarotik. Zaletasunez hasi nintzen eta geroago, gazte nintzela, pintzelekin esperimentatzen hasi nintzen, jakin mina nuelako. Horrela hasi nintzen eta ez dut inoiz utzi. Akuarela eta akrilikoa landu izan ditut, baina olioarekin gozatzen dut gehien.
Zer da zuretzat margolaritza?
Sentimenduak azaltzeko modu bat, hizkuntza guztietako hiztunek ulertzen duten lengoaia unibertsala erabiliz, besteei naizena erakusteko modu bat da, pintzelekin, edo beste teknikekin. Baina horrez gain bizitzeko eta jendearekin harremanetan jartzeko modua ere bada pintura niretzat.
Ez zara teknika bakarreko margolaria. Nola aukeratzen duzu zer nahi duzun egin?
Mihise edo taula baten aurrean jartzen naizenean nahiko anarkikoa naiz, eta ez dut izaten gai baten inguruko lerro zehatz bat. Esperimentatzea gustuko dut eta une bakoitzean erabakitzen dut zer eta nola margotu, nire estiloarekin bat datorren ala ez pentsatu gabe, eta merkatuan ondo mugitzen den horri kasu egin gabe. Pintura sentitu behar da, eta egile bat den bezalakoa erakutsi behar du.
Gaiei dagokionez. Zer nahiago duzu margotu?
Esango nizuke paisajista naizela, baina beste gai batzuk ere landu ditut: figuratiboa, bodegoiak, itsasoko gaiak, baina paisaiarekin disfrutatzen dut gehien. Gustuko dut gaiaz aldatzea, sentsazio berriak jasotzeko, ikasteko.
Banakon ikus daitezkeen koadro batzuk Bidasoa eskualdeko paisaiak dira. Nola izaten da, zuk aukeratzen dituzu lekuak edo lekuek aukeratzen zaituzte zu?
Lekuek aukeratzen naute, margotu ditzan, ez dakit zergatik baina horrela sentitzen dut, ‘gelditu Rudy, hemen nago zure zain’ esango balidate bezala. Bilatu gabe aurkitzen ditut. Bidasoan txoko bikainak daude eta askotan ez ditugu behar bezala estimatzen.

Oiartzungo Ihurrita jauregia
Beste batzuk zure irudipenetik jaioak dira.
Zerbait imajinatzen dudanean azkar joaten naiz margotzera. 2010ean erretxinarekin eta materiarekin —harrobi-hautsa— lan egiten hasi nintzen eta normalean horrekin sortzen ditut irudipen horiek, imajinazioa lantzeko gehien erabiltzen dudan teknika da hori. Horrelako lan bat egiten hasten naizenean ez dakit nola bukatuko den, egingarria izango dela badakit hasieran, baina bide desberdinetik joan daiteke gero.
Baserri pare bat azaltzen dira ere erakusketan, argazki zaharretatik abiatutako margoak. Enkarguz egiten dituzu horrelakoak?
Bai, enkarguz egiten ditut irudi zaharretan oinarritutako olio margoak. Familia askok nahi diete oparitu haien seme-alaba edo ilobei jaio ziren baserriko margo bat, arbasoen oroigarri bat izan dezaten. Badakizu, familiaren oroitzapena atsegina izaten da eta, onartu behar dut, atal horretan arrakasta handia dut.