Ohikoak ez diren etxebizitzei %50eko gainkarga kentzea eskatu du Irungo EAJk
Irungo EAJren ustez, ohikoak ez diren etxebizitzen jabeei udal zergan %50eko gainkarga ezartzeak “egoera bidegabeak” sor ditzake, izan ere, etxebizitza hutsa kontzeptua ez dela zuzena uste dute jeltzaleek, besteak beste. Horregatik hori ezabatzeko eskatu diote udal gobernu taldeari, eta 2013ko kobraketan hori ez gauzatzea. Horrez gain Ogasun Batzordean gaia berriz ere azter dadila nahi du Xabier Iridoy Irungo EAJren udal taldearen bozeramaileak. Iaz onartu zuen neurria Udalbatzak, PSE-EEren eta PPren zinegotzien aldeko botoekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako foru arau batean dago oinarrituta Irungo ohikoak ez diren etxe hutsen gaineko gainordainketa. Horri buruz Iridoyk uste du “gobernu taldea eta PSE” Bilduri babesa ematen ari zaizkiola, eta aldi betean esan du PPren laguntza “bilatzen” ibili dela neurria aurrera ateratzeko, “bere garaian PSEk eta Bilduk Batzar Nagusietan babestutako arau-lardaskeria baten adibide garbia da, eta ez du alokairua sustatzeko balio”. Horren harira hiriko EAJk eskatu du “krisia gehien pairatzen ari direnei” laguntza eman behar diela udalak, “Irun Gipuzkoan langabezia indize handiena duen herria da”.
Orian bakarrik ez. Aurretik ere eskatu zuen Irungo EAJren udal taldeak %50eko gainkarga hori kentzea, udal tasen eta zergen gaia aztertzeko egin zen udalbatzarraren aurretik hain zuzen.