Marinel Azoka aurkeztu dute
Zeta eta osagarriak, Xaboi naturalak, zeramika, gozogintza, egurrezko jostailuak… Lezon ostiraletik igandera bitartean aurkitu ahalko diren askotariko produktuetako bakan batzuk baino ez dira. Izan ere, 40 eta 50 artisau artean bilduko dira Saldise Plazan Marinel Azokaren bigarren aldian.
Azokaren gaineko xehetasun guztiak gaur goizean egindako agerraldian eman dituzte, Ainhoa Zabalo alkateak, Mikel Arruti Kultura eta Euskara zinegotziak, Xanti Val Kultura teknikariak, Oarsoaldea Garapen Agentziko Turismo arduraduna den Eider Calderon eta Gurutze Alberdi Lezoko Dantzazaleok taldeko kideak.
Joan den urteko azokaren esperientzia “arrakastatsuaren” ondoren, aurten berriz ere errepikatzea erabaki dutela esan du Arrutik, eta etorkizunean ere hitzordua mantentzeko asmoa azaldu du. Lezok mendeetan zehar itsasoarekin izan duen harreman estua gogorarazteko antolatutako azoka dela ere aipatu du Arrutik: “Lezoko udalerriaren historia itsas jarduerarekin estuki lotuta egon da betidanik. Gaur egun agian imajinatzea kosta dakiguke, baina hainbat ontzira leku, ontziola, arrantzarako itsasontzi eta itsas bizimoduarekin lotutako beste elementu ugari ziren Lezon, udalerriaren mendebaldean, Pasaiako portura zabaltzen den aldean, alegia”.
Ogia eta ardoa brindis komikoa
Egitarauaren gainean Val aritu da. Ostiraeanarratsaldez zabalduko dute azoka: “17:30ean zabalduko dute azoka eta horretarako musikoen kalejira eta ogia eta ardoa brindis komikoa prestatu dute”. 21:30era bitartean izango da zabalik azoka hiru egunetan. Goizeko ordutegiari dagokionean berriz, 11:00etatik 14:30era izango da zabalik. Hiru egunetan zehar, Saldise plazan 40 artisau postu ikusteko aukera izateaz gain, musikariak, tailerren erakusketa, haur jolasak eta antzerkia izango dira. Oarsoaldeko Turismo bulegoari eskerrak eman dizkio Valek “erakutsitako babesa eta emandako laguntzagatik”, eta Lezoko elkarteei ekimenean izango duten esku hartzea dela eta, esker ona adierazi die.
Kaxkarot eta kaxarranka dantzak
Lezoko dantzazaleok taldeko Alberdik eman du dantza taldeak egingo duen emanaldiaren gaineko berri. Marinel azokaren harira Kaxarranka dantza berezia berrskuratu zuten iaz, eta aurten emanaldia errepikatuko dute larunbat arratsaldean. Goiz partean ere aterako dira dantzan eta kaxkarot dantza egingo dute. Lezoko Dantzazaleok taldeaz gain, Murixka dantza taldeak, Musika Eskolak eta Kantu Jirak ere bat egin dute Marinel Azokarako antolatu duten egitarau zabalarekin.
“Herriak dinamizatzeko” halako egkimenek duten garrantzia nabarmendu du bestalde Eider Calderonek, “kanpoko endea erakartzeko balio baitute”. Horren harira, turismo bulegotik Lezoko azokaren gaineko informazioa zabaldu dutela zehaztu du arduradunak.
Zer ikusi eta zer gozatu izango da beraz hiru egunez Lezon eta bertakoez gain, eskualdeko herrietako bizilagunak marinel giroan murgiltzera animatu ditu azkenik Ainhoa Zabalo alkateak.